Saltar al contenido principal

Ongi etorri.

Por favor, selecciona tu idioma y empieza a navegar.

La solidaridad de Debagoiena

19 enero 2022

Mundukide eta Hiruatx Debagoieneko GKEek lankidetza proiektu bat jarri dute martxan Ekuadorren. Bi elkarteek hogei urte baino gehiago daramatzate hainbat lankidetza proiektu garatzen.
Debagoienak berezkoa du lankidetza: kooperatiben sortze eta hedatze lekua da, eta nazioartera begira egiten duen lana ere ez da gutxiagorako. Horren adierazle da eskualdean garapena sustatzeko lankidetzarako dagoen elkarteen zerrenda luzea. “Debagoiena beti egon izan da konprometituta gizartearekin, baina ez hemengoarekin soilik, baita beste gizarte batzuekin ere”. Lurraldearen erradiografia hori egin du Urri Urizar Mundukide GKE gobernuz kanpoko erakundeko komunikazio arduradunak. Hain zuzen ere, Ipar-Hegoa fundazioak proiektu bat abiarazi du Ekuadorko Andeetan, Hiruatx Aretxabaletako elkartearekin batera, eta aholkulari lanetan aritu da Urizar kide den GKEa.

Proiektu berri horrek nekazaritza jasangarria du ardatz. Arnas sistema eta sistema immunologikoa indartu nahi dituzte, familia baratzeetan landare espezie berriak landatuz. COVID-19ari estuki lotutako proposamena da Debagoieneko GKErena, gaixotasunak eragindako kalteak arintzera bideratu baitute ekintza. “COVID-19a da proiektua martxan jartzeko arrazoietako bat, baina, luzera begira, baso horietatik produktuak atera ditzakete Ekuadorren, eta ekonomia burujabea bultzatu. Gaia badago, zaintzea da kontua”, esan du Iñigo Trueba Hiruatx gobernuz kanpoko erakundeko kideak. Hirurogei nekazarik hartuko dute parte proiektuan: 55 emakumek eta bost gizonek.

Zuzeneko helburuez harago, proiektuak badu bigarren mailako helburu sinbolikoago bat ere. “Proposamen honi esker, emakumeek osasun krisiari erantzuteko duten rola berriz baloratu ahal izango da, familiaren eta komunitatearen mesederako daukaten bizimoduaren ikuspegitik”, dio Truebak.

Bi elkarteak soka beraren bi mutur direla azaldu du Truebak: “Mundukidek plan estrategikoak prestatzen ditu luzera begira, une bakoitzean dauden beharrizanen arabera, eta Hiruatxi proposatzen dio gero”. Mundukide eta Hiruatx, funtsean, ez dira banatuta dauden bi elkarte; elkarlan luze baten fruituak dira, bata bestearen osagarri. “Aretxabaletako kudeaketaz arduratzen da Hiruatx”, azaldu du Urizarrek. “Bertako biztanleei horrelako proiektuetan parte hartzeko aukera ematen die”. Horrela aritu dira lanean azken urteotan; 1991. urtean sortu zuten Hiruatx.

Indarrak batzeko erabakia

Mundukide 1999an sortu zuten, eta sorrerako lanean aritu zen Hiruatx, Debagoieneko beste zenbait elkarterekin batera. “Bailarako GKE txikien ekimenez sortu zen Mundukide”, zehaztu du Urizarrek. “Gure bailaran herri bakoitzak bazeukan bere GKE txiki bat, herrian lan egiten zuena; kasualitatez, kooperatiba arlokoak ziren gehienak, eta denak elkartzea erabaki zuten, baliabide gehiagoko proiektu bat sortzeko”. Indarren batura bat da, beraz, Mundukide; Debagoienean “gizartea eraldatzeko nahia” egikaritu zuten erabaki horri esker. Etengabeko elkarlana goratu du Truebak ere: “Pobrezian dagoen jendeari laguntzeko kontzientziatik sortu zen Hiruatx elkartea lehenengo, eta Mundukide gero. Herri txiroei laguntzeko asmoz sortu ziren bi proiektuak”.

Urizarrek baikor begiratzen dio Debagoiena eskualdeko lankidetza pluralari. “Hain zuzen ere, horrek ematen dio balio erantsia proiektuari, herri askotako gobernuz kanpoko erakundeek eta pertsonek daukatelako parte hartzeko aukera”.

Gaur-gaurkoz, bost boluntario ari dira lanean Hiruatxen, eta 21 langile dauzka Mundukidek, baina zabalagoa da bi elkarteon inguruan eratutako sarea. Guztira, sei GKEk, 50 bat kooperatibak eta hainbat bazkide partikularrek parte hartzen dute Mundukiden. “Jende asko gara”, dio, harro, Urizarrek.

 

Iturria: Gipuzkoako Hitza,

¿Quieres sumarte al cambio?

Con tu aportación, el mundo cambia. A mejor, y de manera notable. Colaboras con personas con un gran potencial, pero que necesitan un empujón para tener un presente y futuro más prometedor.

10 € 20 € 30 € 50 € Otra

Suscríbete a nuestra newsletter

Si quieres ser el primero en conocer todas las novedades de nuestros proyectos, suscríbete y recibe en tu email las últimas noticias de Mundukide.

  • Hidden