Toussaint Deguenon, Gazteizen bizi den beniniar gaztearen gogoeta bat
Euskal Herrian pertsona beltza eta afrikarra izatea bera, eta mendebaldeko gainerako munduan ere gauza bera gertatzen dela imajinatzen dut, betiereko kondena dela dirudi, bakarka zein taldeka. Bizitza osorako arrazakeriaren eta gorroto-diskurtsoaren aurkako gizarte-mugimenduekin, aniztasuna sustatzeko eta bizikidetza defendatzeko ekintza politikoekin eta horrek estereotipo eta aurreiritzi gisa eraman dezakeen guztiarekin konpromisoa hartzera betiko kondenatzea.
Dirudienez, Euskal Herriko testuinguruan, Afrikako gizabanako beltza ezin da politikoki eta sozialki definitu, ezta erlazionatu ere, arrazakeria eta aniztasunaren aurkakoa ez den beste inongo eremutik. Azkenean, hemengo ia pertsona zuri guztientzat, Afrikako pertsona beltza beti diskriminatua, erruki eta ulermen bila dabilena dela dirudi. Gainera, aniztasunaren eragile izan behar du; izan ere, gogoratu behar da: beltza edo beltz afrikarra, hemen Euskal Herrian edo han Afrikan beti desberdina izango da, exotikoa, Europaren ikuspegitik. Orduan berari dagokio besteekin bizitzen, portatzen, integratzen, egokitzen eta abar ikastea, ezta?
Hausnarketa honekin jarraitu baina lehen, azpimarratu behar da kontua ez dela, inola ere, arrazakeriaren aurkako borroka eta aniztasunaren eta bizikidetzaren aldeko lana deslegitimatzea, garrantzitsuak bait dira eta aurrera jarraitu behar bait dute, guztiei eskubide eta aukera berdintasuna bermatzeko. Nik neuk zeregin horietan erabat murgildutako eta kolore guztietako gizon eta emakumeen urte askotako lanari esker lortutakoaz gozatzen dut. Eta Real Madrileko Vinicius Junior jokalariaren kasuarekin Espainiako futbolean gertatu berri denak gogorarazten digu gizarte honetan beltza izateak, diruduna izan ala ez, ospea izan ala ez, edozein motatako indarkeria eta diskriminazioa jasateko arriskuan jartzen zaituela bizitzako une orotan. Horregatik, arrazismoa borrokatzen jarraitu beharra dago.
Hala ere, gizarte-mugimenduetatik eta politika publikoetatik pertsona beltzei arrazakeriaren aurkako eragile izatearen ardura ematea, gai horretatik kanpoko beste eztabaida politiko eta sozialetan parte hartzeko aukerarik eman gabe, benetan arrazakeriarik arriskutsuena da: arrazakeria instituzionala. Aniztasunarekiko errespetua goraipatzen duen diskurtso horrek bizitzari eta ekonomiari buruzko gizarte-eztabaida garrantzitsuetatik kanpo mantentzen ditu kolektibo batzuk, inoiz ateratzen ez diren laukitxoetatik: antiarrazakeria, aniztasuna, bizikidetza, etab.
Egia da pertsona batzuen eta besteen aniztasuna eta desberdintasunak ez aitortzea horien existentzia ukatzea dela, baina aldi berean egia da, kolektibo bat beti bere aniztasun eta ezberdintasunagatik bakarrik aipatzea, egoera jakin batetara kondenatzea dela, alegia, beste modu batera esatearren, diskriminazioa dela, pasiboa eta kasu honetan positibo itxura izan badezake ere. Eta diskriminazio pasibo hori Espainiako futbol estadioetako “Vinucius tximino bat zara” horiek ahalbidetzen dituena. Ekintzaileen eta politikarien “Arrazakeriaren aurkakoak gara eta aniztasuna babesten dugu” lelo gogokoenean jasotako diskriminazioa, hitzaldietan pertsona beltzei edo afrikarrei soilik aplikatua, arrazakeria arrunta normalizatzen eta inplementatzen baitu, kolektibo jakin baten arazo gisa bakarrik aurkezteagatik, haiekin argazkiak eginez bakarrik konpondu ahal izango balitz bezala.
Horregatik, 2023ko maiatzaren 25ean, Afrikaren egunean, ospatu ez ezik, aldarrikatu ere egin nahi dugu betirako arrazismoaren aurkako borrokarekin konprometitutako kultura folklorikodun pertsona beltza eta afrikarrak baino gehiago ere bagerala. Alboko eraikineko bizilagunak gara, goiko pisukoak, beheko solairukoak; lankideak gara; eta etxebizitzen legeari buruzko iritzia ere badugu, “bai bakarrik da bai” legeari buruz, mugikortasunaren legeari buruz eta Espainiako herritarrei dagozkien lege guztiei buruz, herri honetan ere bizi garelako eta beste edonork nahi duen hori bera nahi bait dugu, bizi-baldintza duinak. Desberdinak eta arrazakeriaren aurkakoak izateak ez gaitu baztertu behar beste espazio sozial eta politiko batzuetatik. Azkenean, arrazakeria arrunt eta instituzionalarekin amaitzeko modurik onena, agian, espazio politiko eta sozialetan gu garena besterik ez garela aintzat-hartzea da: Beltzak, afrikarrak bai; baina zu bezalako pertsonak.
Maiatzak 25, Afrikaren eguna
Pro África Taldea: 16 GKEk osatzen dute, besteak beste, Mundukidek. Euskadin eta Nafarroan lan egiten dute, eta interes berezia dute Afrikan.