Ekuadorko Orellana probintzian bizi da Arruti, oihanetik gertu. Petrolioa ustiatzeko toki nagusia da, baina horrek ez du garapenik ekarri, haren ustez. Indigenen diskriminazioa ere izan du hizpide.
Bizitza erdia baino gehiago Ekuadorren eman du Jon Arrutik (Donostia, 1972). Aurretik Venezuelan eta Mauritanian bizi izan zen, hiru hilabetez eta urte betez, hurrenez hurren, eta 1999ko apirilean ailegatu zen Ekuadorrera. El Cocan bizi da, Napo ibaiaren ondoan, eta handik erantzun ditu galderak.
Zerk eraman zintuen hara?
Hemen bizi zen lehengusu batek proposatu zidan etortzea Nafarroako Medicus Mundiren proiektu bat gidatzera. Birziklatzeari buruzko proiektua zen, urte eta erdikoa, baina hemen gelditu nintzen.