Mundukiden urteak daramatzagu berdintasun politiken bidez egiturazkoak diren genero-desberdinkeriak ezabatzeko estrategiak diseinatu eta garatzen.
Genero-sistemak tokian toki sortzen dituen desberdinkerietan arreta jarri eta hauek iraultzeko munduan zehar tokian tokiko estrategiak garatzen dihardugu. Kooperatiba-balioak ez ditugu ulertzen zeharka genero-begirada eta feminismoaren balioak barne biltzen ez baditu eta Mundukiden balio hauek gure eguneroko jardun zabalean gorpuzteko ariketa kontzientea dugu erronka nagusia.
Barrura zein kanpora begira jarri gara azken urteetan, ezin baita kanpo eragina ulertu Mundukide beraren tripetara begira jarri gabe. Herrialde ezberdinetan gure jarduerak duen inpaktua aztertzen dihardugu eta, era berean, fundazioa beraren antolaketa eta kudeaketan berdintasun politika hauek txertatzeko urratsak egiten ere.
Horren adibide dira oraintxe Mundukide murgildurik dagoen hiru helburu estrategikoren garapena:

Ezinbesteak gurutzatzen diren hiru estrategien garapenean dihardugu. Esperientzia eraldatzaileak eta berritzaileak sortzea dugu helburu eta horretan dihardugu askotariko herrialdeetan emakume eta gizonen arteko desberdinkeriak ezabatzeko gure proiektuen inpaktua neurtuz.
JULY URTINA
AMURE emakume birziklatzaile elkarteko langilea. Cali, Kolombia

Veronica Miudumbe
Majuneko soja ekoizlea (Niassa probintzia)
“Badira urte batzuk Mundukidek Majunen duen programarekin bat egin nuela. Lehen tabakoa ekoizten nuen, baina urte batzuetan bakarrik izan zen errentagarria. Orain urtero gero eta soja gehiago lantzen dut eta aurten oso prezio onean saldu dut uzta. Beraz, nire seme-alaba guztiek eskolan jarraitu ahal izango dute eta norbaiti ordaindu ahal izango baitiot landan laguntzeko. Mundukiderekin lan egiteak emakume gisa indarra eta babesa ematen dit”
EMAKUME KOOPERANTEEN IBILBIDE PROFESIONALA
Baina, argi dugu Mundukiden kanpo eragina aztertzeaz gain eta benetan genero desberdinkeriak errotik iraultzeko emakume kooperanteen talentua sustatu eta mantentzeko neurri kontziente eta planifikatuak hartzea ezinbestekoa dela. Aspaldi identifikatu genituen emakume kooperanteen garapen profesionalean ematen diren egiturazko zapalkuntzek dituzten ondorioak, izan kontziliaziorako beharretan dagoen erantzunkidetasun falta, izan testuinguru soziopolitiko ezberdinetan emakumeen lidergoaren errekonozimendu eza edota emakume profionalen arteko aliantza eta ahalduntzerako espazioen beharra, besteak beste. Bide honetan, Mundukidek estrategia planifikaturik du erakunde barruan emakume kooperanteen presentzia handitu eta denboran mantentzeko.
Bide horretan, desberdinkeriak gainditzeko erakunde mailako konpromisoa Mundukide osatzen dugun norbanako bakoitzarenganaino iristen da. Jakin badakigu erakundeak pertsonok osatzen ditugula eta Mundukideren kultura eta antolaketa eraldatzen jarraitu nahi badugu pertsonok ere gure egiteko erak eta mundu ikuskera berrikusten jarraitu behar dugula. Horretarako trebakuntzan eta komunikazio estiloetan arreta berezia jartzen ari gara. Genero-rol eta -estereotipoek gure jardunean, taldeak kudeatzeko orduan edota harremantzeko momentuan duten eragina aztertu eta ematen diren botere-harremanak gainditzeko bidea hasia dugu jada. Norbanakotik hasita, harreman interpertsonaletara salto eginaz erakundearen estrategia berdinzale bateruntz urratsak egiten ari garen erakundea da gurea eta horretan jarraitzeko konpromisoa argia da Mundukiden.


MARIA OLIVERA MARTÍN
Mozambike programako kooperantea
“Uste dut gizon edo emakume izan, Mozambiken kooperanteak garenean jabetu behar dugu botere piramideetan daukagun arraza edukitzeagatik daukagun pribilegio lekuaz, gure kasuan kaukasiarra izaten dena. Gizon zuria izateak botere-piramidearen gailurrean kokatzen zaitu automatikoki, eta nabari da hainbat pertsonaren edozein bilkuratan gizon zuriengana jotzen duten orduan, gizon zuriaren iritzia beti serioago hartzen da eta gehiago entzuten da, eta eremu guztietan espazio gehiago hartzeko joera dute.
Emakume zuria izateak botere eskalan hurrengo koskan beherago kokatzen gaitu, eta kaukasiarrak izateagatik soilik, gure iritzia gehiago entzuten da gizon arrazializatu batena baino, botere hierarkiaren hurrengo mailan legokeena, emakume arrazializatuak hierarkiaren azken koska okupatuz.
Mozambiken emakume kaukasiar kooperante izateak esan nahi du desberdintasun horretaz kontziente izan behar dugula, eta ahal dugun guztia egin behar dugula pertsona arrazializatuak entzunak izan daitezen eta beren ideiak egoera ekitatiboago batean adierazi ahal izan ditzaten beharrezkoak diren mailak jaisteko.
Gure jatorrizko gizartean, emakumeak izanik, gizonen aldetik diskriminazioa modu sistematiko eta estrukturalean jasaten dugunez boterearen hierarkia horretan, horrek kokatu beharko gintuzke pertsona arrazializatuekin lan egiteko egoera enpatikoago batean, pribilegioen piramidean posiziorik altuena duen gizon zuria baino.
Emakume kooperante berriei gomendatuko nieke beti egin dezatela emakume arrazializatuen prestakuntza eta kontratuaren alde, eta lehenetsi ditzatela gure zerbitzuen onuradun izateko orduan; izan ere, Afrikako kontinentean emakumeen garapenaren alde egiteak desberdintasun asko murrizten ditu aldi berean, ekonomikoa, soziala eta hezkuntzakoa, eta benetan kontinentearen etorkizuna direlako.”