Irailaren 8an nazioarteko kooperantearen eguna ospatzen da eta Mundukidetik kooperanteen ekarpena omentzeko baliatu nahi genuke eguna.
Mundukide Fundazioa garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat izanik, behar handian bizi diren gizataldeekin batera egiten dugu lan. Eta gure lanaren funtsezko elementua dira kooperanteak.
Batetik kooperanteak, lekuan bertan bizi eta egunerokoan bertako biztanleekin batera lan eginaz, bertako egoera hobeto ulertzen laguntzen digu. Gizatalde harren behar eta nahiak, gaitasun eta mugak, han egon gabe ulertzen zailak liratekeen ikuspuntuak…
Eta gauza bera kontrako aldera. Kooperanteak bertakoei gure hemengo gaitasun eta mugen berri ere ematen die.
Kontutan hartu behar da garapenerako lankidetzak oso egoera desberdinak bizi dituzten pertsona eta elkarteak ipintzen dituela elkarrekin harremanetan. Ikaragarri aberasgarria da. Baina ez da erraza horren abiapuntu desberdinak dituztenen arteko elkarlana. Eta hori posible izateko kooperanteak zubi-lan ezinbestekoa egiten du.
Bestetik, kontutan hartu behar da ere kooperanteak lekuan egiten duen ekarpena.
Izan ere garapenerako lankidetzan elementu funtsezkoa dira berrikuntza eta esperientzia trukea. Kooperanteak ez doa agintzera. Ez die bertakoei zer egin esango. Baina aukera sortzen du bere bidez, haiek ere ikuspuntu desberdinen berri izan dezaten, teknika berriak ikasi edo eta esperientzia desberdinak ezagutu ditzaten. Ikuspuntu, ezagutza eta teknika berririk gabe nola aldatu gauzak? Berrikuntza hori funtsezkoa da garapenerako lankidetzan bultzatu nahi diren aldaketa prozesuetan.
Eta azkenik, kooperante izatea gauza erraza ez dela azpimarratu behar da: Senide eta lagunak utzi eta oso desberdina den errealitate batetan txertatzea erronka mardula izan ohi da. Eta behar gorria dagoen lekuetan bizimodua ez da erraza edo atsegina izan ohi.
Baina Mundukiden emaitza onenak eman dituzten proiektuetan beti izan da kooperante on bat.
Esperientziak diosku garapenerako lankidetzan elementu nahitaezko eta funtsezkoa direla. Eta horregatik guztiagatik, gure esker ona azaldu nahi diegu.