Proiektu batzuetan gauzak ematen dira. Beharrean dauden pertsonak sailkatu eta batzuei gauza batzuek ematen zaizkie: zuri janaria, zuri etxe bat eta zuri deus ere ez, ez baitituzu nire irizpideak betetzen. Lankidetza mota horrek eskubideen diskurtsoarekin jantzita ere, ez du burujabetza sustatzen.
Beste proiektu batzuek ideiak eraldatu nahi dituzte. Tradizionalista direlako, mentalki kolonizatuta daudelako edo hezkuntza askatzailerik jaso ez dutelako, okerreko ideak dituztelakoan haien pentsaera aldatzen saiatzen dira. Baina boteretsuak menpekoari gauzak eman edo zer pentsatu behar duen agintzeak, burujabetza ez, menpekotasuna eta sarri ernegua ere sustatzen dituzte.
Beste bide bat, aukerak sortzea da. Pertsonek gaur egun egiten ez dituzten gauza berriak edo gauzak beste modu batera egin ahal ditzaten aukerak sortzea. Aukera berri bat ez, hainbat aukera desberdin sortzea. Eta ez du guztia egina ematen. Eta ez ditu bestelako abantailekin erakarriko. Pertsona edo talde bakoitzak erabakiko du aukera horietakoren zein baliatu (edo batere ez baliatzea). Eta horretarako ekarpen esanguratsuak egin beharko dituzte. Eta ondorioz, lortzen dutena edozer dela ere, berea izango da. Erabat. Inori zor ez diotena. Euren erabaki eta lanen emaitza.
Proiektuak bestalde, orojakitun ez dela, besteen zerbitzura dagoela, lehentasunak haiek finkatzen dituztela onartu behar du. Parte hartze handiena erakartzen duten aukerak indartuko ditu, parte hartzerik erakarri ez dutenak bertan behera utzi, eta beti aukera berriak sortzen jarraitu.
Urte hauetan ekimen desberdin askorekin saiatu ondoren, pertsona, talde eta herrien burujabetza eta garapena sustatzeko modurik eraginkorrena aukera berriak sortzea denaren ondoriora iritsi gara eta horretan saiatzen gara.