Brasil iparraldeko Ceará estatuko gobernua eta Mundukidek, inguruko nekazal kooperatiben ekimen sozioekonomikoa indartzeko elkarlanerako akordua sinatu zuten 2017an. Ordutik, Eroski kooperatiban lanean aritu izanak emandako esperientziarekin Brasilen ari da Iker Cabrejas lanean, Marga Pinillos, Itziar Aranburu eta Marcio Carvalho, Mundukideko taldekideekin batera.
Nolako kooperatibak dira eta zenbat bazkidez osaturik?
Nekazal produktuen kooperatibak dira, eta beraien jarduera produktu hauen ekoizpen eta komertzializazioan zentratzen da: fruitu-zukua, eztia, ahuntz eta ardien ekoizpena, anakardoa, esnea eta esnekiak. Guztira 462 bazkide dira eta 2.270 nekazal familia sarea osatzen dutenak.
Esnekiak komertzializatzen duen COOPERASC kooperatiba inauguratu berri duzue, ezta?
Bai, Sertão Central eskualdeko Quixerabomin herrian inauguratu da COOPERASC esne kooperatiba. Oraingoz 5.000 litro ekoizten dira, baina datorren hilean eguneko 10.000 litro esnerekin 7 produktu ezberdin ekoiztuko ditugu: esnegaina, gazta, gaztanbera, jogurtak eta beste esneki edariak. Momentuz hiriko komertzioak eta ikastetxeetako jangelak izango dira komertzializazio esparruak.
Ze kolektibotako pertsonek osatzen dute esne kooperatiba?
Gaur egun, Cooperasc kooperatiba Lurrik gabeko 186 pertsonek osatzen dute eta bere kudeaketan arlo desberdinetan, industria barne, 20 pertsonen lantaldea dago. Hauetako asko, Lurrik gabekoen mugimenduko kideen seme-alabak dira eta ekimen ekonomikoaren inguruko formakuntza desberdinak jaso ostean, gurasoak sortutako kooperatiban hasi dira lanean.
Zein da Mundukidek kooperatibei egiten dien ekarpena?
Bost kooperatibekin batera negozio plana eta marketin-plana diseinatu dugu, talde kudeatzaileak prestatu eta prestakuntza-prozesuak martxan jarri ditugu, ondorengo industria-jardueretan laguntzaile izango direnak formatuz. Guztira 8.000 prestakuntza-ordu baino gehiago eskaini dira, hainbat arlotan: ekoizpena, industria, pertsonen antolakuntza, kooperatibaren sustapena, plangintza, komunikazioa eta parte-hartze prozesuak.
Nolakoa da Mundukideren Brasilgo lantaldea?
Guztira 7 pertsona gara, 6 euskaldun eta brasildar bat. Coprecitik etorri zen Nacho de Vicente, Rio Grande Do Sul estatuan dago; Eroskitik Julio Martinez etorri zen Sao Paulora; Ulmatik Jon Etxebarria Parana-Santa Catarinan dagoena. Eta Ceara estatuan, GSRtik etorri den Marga Pinillos,Ulmatik Itziar Aranburu, MSTtik Marcio Carvalho, eta ni Eroskitik.
Ze fasetan daude beste kooperatibak?
2018an hasitako 5 proiektuetatik, 2 kooperatibek beraien industriak jarri dituzte martxan azken hilabeteetan, COOPALC-ek (anakardo eta fruituzuku) eta Cooperasc-ek (esnetegia). Gainera, Cooperamuns-ek, hasierako proiektuetatik at, beste industria txiki bat ere martxan jartzea lortu du. Beraz, hiru dira martxan jarri ditugunak, ekoiztutako produktuak industrializatzera bideratuta. Gure kronogramen arabera, hurrengo 3-4 hilabeteetan beste 3 agroindustria jarriko dira martxan.
Nola baloratzen dute Mundukideko lankidetza?
Orokorrean, Mundukideren ekarpena oso ondo baloratua izan da. Azken lau urteotan, kooperatiba eta lantalde guztian aurrera pausu nabarmenak eman dira, arlo guztietan. Hasierako 2 urteak zailak izan ziren, aldaketa asko egon ziren Cearako MSTko taldean, baina gerora sortutako estrukturak eta plangintzak bide onetik bideratu dira. Orain kooperatibak beste fase berri baten sartzen ari dira, industrializazioan. Honek beste prozesu berri askoren hasiera dakar eta pertsonen arteko elkarkidetza eta lankidetzaren indarra ikusi beharko da. Eta erronka horiei kolektiboan aurre egiteko gai diren kooperatibek etorkizun oparoa izango dute. Testuinguru honetan, Cearako MSTk, Mundukide lagun izaten jarraituko du.