Eduki nagusira joan

Ongi etorri.

Mesedez, hautatu zure hizkuntza eta hasi nabigatzen.

Joao Pedro Stedileri elkarrizketa

2021 martxoa 14

“Oinarrizko arazoei, hala nola gosea, enplegua, etxebizitza eta hezkuntza, nazioarteko ekimenen bidez egin behar diegu aurre”

João Pedro Stédile ekonomialaria eta Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduko (MST) erreferente historikoetako bat da. Mugimenduaren jatorria erregimen militarrean bilatu behar da 1979tik 1984ra bitartean, lur ez-emankorrak birbanatzeko helburuarekin sortua. Urtarrilaren 21ean MSTk antolatutako Brasilgo Estatu mailako Koordinazio Topaketa birtualean parte hartu zuen Mundukideko lantaldeak, beste 15.000 pertsonekin batera. Ondoren Stédilerekin elkarrizketa bat izan zuten Josu Urrutia Mundukideko zuzendariak eta Natxo de Vicente Rio Grande do Sulen dagoen kooperanteak. Solasaldi haren pasarte esanguratsuenak laburbildu ditugu.

Nola sortu zen Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendua?

Brasil 360 milioi hektareako herrialde kontinentala da, eta horietatik 60 agro-negoziorako erabiltzen dira; familia-nekazaritzaren ereduarekin, berriz, beste 40 milioi hektarea lantzen dira. Beraz, hasteko, 260 milioi hektarea baino gehiago izango genituzke elikagaiak ekoizteko eta gosearen arazoa konpontzeko. Brasil da munduan lurraren jabetzaren kontzentrazio handiena duen herrialdea. Latifundio ez-emankorren okupazioa nekazarien borroka klasikoaren modu bat da, bizi eta ekoizten saiatzeko. Guk 5 edo 6 urte eman genituen lur isolatuak okupatzen, 1984ko urtarrilean hainbat buruzagi elkartu eta lurrik gabeko langileen mugimendua sortu genuen arte.

Herrialdeko bost eskualdeetako 24 estatutan gaude antolatuta eta guztira 350.000 familia gara. Urteek aurrera egin ahala, mugimendua ere garatuz joan da eta eskala handiagoko nekazaritza ekoizpen-kooperatibak sortzen hasi ginen. Adibidez, gaur egun Amerikako mahats-zuku organikoaren ekoizle handiena gara. Gero eta gehiago, Brasilgo gizarteak berak eskatzen ditu elikagai agroekologikoak, Brasilen pestizidekin eta janari pozoituekin dugun arazo handiagatik. Gobernuaren babesik ez badugu ere, gizartea irabazten ari garela esan dezakegu.

Nola ari zarete izurritearen ondorioei aurre egiten?

Gure gizarte mugimenduaren ezaugarri garrantzitsua da, aldarrikapen jendetsuak, manifestazio eta mobilizazioak antolatzea helburuak lortzeko. Pandemian zehar horrelako ekintzak gutxienekora murrizten ari garen arren, argi daukagu ezin garela geldirik geratu. Gure estrategia ahalik eta elikagai organiko gehien ekoiztean oinarritzen ari da, landa-eremuan kutsatzeko arriskua asko murrizten baita.

MSTren interpretazioz, bizi dugun krisia krisi kapitalista bat da. Brasilen, 60 milioi langile bizi dira aldirietan eta gehienak emakumeak, gazteak eta beltzak dira. MSTk gizartea hornitzeko ekoizten ditu elikagaiak, baina pandemian zehar, elkartasunez aritu gara kalean bizi diren pertsonekin, gure produktuez osatutako otarrak banatuz.

Hirietako pertsonak gehiago sufritzen ari direla esan daiteke?

Jakina, hemen jende asko bizi da kalean. Aurten, erabiltzen ez diren lurrak okupatu eta hiriko baratzeak gertatu ditugu baratzeak eta oilategiak ipintzeko. Beste herri mugimendu batzuekin batera, osasuneko laguntza-taldeak antolatu ditugu, osasun eragileak izenarekin, izurrite garaian pertsonei argibideak emateko eta babesteko. Gaur egun dugun gobernuak pertsonon osasuna zaindu beharrean, ahal duen guztia lapurtzen baitigu.

Nolako harremana duzue Mundukiderekin?

Familia handia gara, ez dago alde handirik Euskal Herrian edo Brasilgo hegoaldean jaiotzearen artean (barreak). Mundukideren eta MSTren artean konfiantza dinamika bat sortu dugu, urteetan zehar landu dugun espirituaren bidez. Duela 15 urte, gure gizarte mugimenduarentzat etorkizun berrien bila genbiltzala, ohartu ginen Mundukidek bazituela gure kooperatibek bilatzen zituzten oinarriak. Guretzat, kooperatiba lanaren esparruari aplikatutako elkartasunaren oinarria da. Mundukideren metodoa eta ezagutza funtsezkoak dira Brasilen gure kooperatibak osatzeko eta merkatu kapitalistaren teknikak menderatzen laguntzeko: inoiz ez du arrainik oparitzen, baina arrantzan erakusten du. Karitateak ez du mundua eraldatzen.

Herrien Arteko Elkartasuna jarri duzue praktikan?

Begiratzen baduzue, internazionalismoa korronte filosofiko aurrerakoi guztietan azaltzen da, gure planeta “etxe komun” gisa interpretatzen baitute. Leonardo Boff teologoak eta Frantzisko Aita Santuak ere hala diote. Ziur nago gizateriaren oinarrizko arazoak konpondu nahi baditugu, hala nola gosea, enplegua, etxebizitza eta hezkuntza, nazioarteko ekimenen bidez aurre egin behar diegula.

Elkarrizketa osoa hemen ikusi dezakezu

Aldaketarekin bat egin nahi duzu?

Zure ekarpenari esker, mundua aldatu egingo da. Hobetu egingo da, eta nabarmen, gainera. Potentzial handia duten pertsonei lagunduko diezu, bultzada bat behar baitute orainaldi eta etorkizun oparoagoa izateko.

10 € 20 € 30 € 50 € Beste bat

Harpidetu gure newsletterrera

Gure proiektuen berri izan nahi baduzu, jaso zure helbide elektronikoan Mundukideren azken albisteak.

  • Hidden