Eduki nagusira joan

Ongi etorri.

Mesedez, hautatu zure hizkuntza eta hasi nabigatzen.

Asier Elorza: “Baliotsuena lan-eredu sendoa eraikitzea da, etorkizuneko belaunaldiek aberastasuna sortzen jarraitu ahal izateko.”

2022 otsaila 18

Garapen lankidetza ikusteko modu ezberdin batekin, hegoaldeko herrialdeetan gizartea lanaren bidez eraldatzeko sortu zen Mundukide.

 

Mundukiderentzat Esperientzia Kooperatiboa da herrialde pobretuetako komunitate ezberdinei bizi baldintzak hobetzeko aukerak sortzen laguntzeko bitartekoa. Izan ere, gurea den kooperatibagintza ereduaz ari gara, funtzionatzen duena, ezagutzen duguna eta hazkunde eta eraldaketa sozialerako bitarteko gisa erabiltzen duguna. Zer hoberik sentitzen eta sinesten duguna partekatzea baino, eta horretan datza Mundukide Kolonbiako Nariño probintzian egiten ari den lankidetza. Asier Elorza Ugartek 15 urte daramatza Mundukiderekin, Mozanbike eta Brasilen lanean aritu ondoren, 2019tik Kolonbiako programako kooperantea da.

Ze kolektiborekin ari zarete lanean eta ze bitartekorekin?

Bi komunitate ezberdinekin ari gara lanean, alde batetik Nariño probintziako Pasto hiriburuko zabor birziklatzaileekin eta bestalde erreserbetan bizi diren “Pastos” etniako emakume indigenen kolektiboarekin. Guztira bi lankidetza hauetako onuradunak 3.000 pertsona dira eta Mundukideko lantaldea sei kolonbiarrek eta nik osatzen dugu.

Lanerako erabat gizatalde ezberdinak dira, ezta?

Gizatalde ezberdinak diren arren, guztiak bizi baldintzak hobetzeko ari dira lanean eta eskualdeko garapen sozioekonomikoa indartzeko. Kolonbiako kolektibo zaurgarrienetarikoak dira eta lanbidea balorean jartzeaz gain, aktibitatea errentagarri bihurtzen laguntzea da Mundukideren lana. Gaur egun ofizioko birziklatzaile lanetan ari direnak, zabortegietan bizi izandakoak dira. Emakume “Pastoen” komunitatea berriz, Ekuadorreko mugan gatazka armatuaren ondorioak pairatzen dituzten nekazariak dira, komunitate gisa hazteko zailtasunekin. Indarkeria eta pobrezia indize altuak erregistratzen dituen eskualdea da, eta nazio mailan legez kanpoko labore kontzentrazioa handienetarikoa duena.

Zein da Mundukideren lana konkretuki?

2019an, Coemprender izeneko kooperatibarekin hasi ginen elkarlanean ofiziozko birziklatzaileen produkzio-jarduera legeztatu eta antolatzeko helburuarekin. Arrez gero, beste 3 elkarterekin aritu izan gara eta 2021 urtean 4 elkarteek ALIANZA DE RECICLADORES/AS DE PASTO (ARP) erakundea sortu zuten. 200 pertsonatik %70 emakumeak dituen elkarteen bateratzeak kolektiboa indartzeko balio izan du eta Mundukidek legalizazio, ahalduntze, gestio, teknifikazio eta beste hainbat prozesutan aholkularitza lanak egin ditu.

Emakume Indigena Pastoekin berriz, ekoizten dituzten produktuen bolumena handitzeko, dibertsifikatzeko eta komertzializazio sare egokia ezartzeko helburuarekin ari gara elkarlanean. Bereziki formakuntza, antolaketarako aholkularitza eta nekazaritzarako laguntza teknikoa eskaintzen dizkiegu.

Nola baloratzen duzue egiten ari zareten lana?

Egoera larrian dauden herrialdeetan eta kolektibo oso zaurgarriekin egiten dugu lan, hau da,  gizartearentzat ikusezin bihurtzen diren pertsonak eta familiak dira. Mundukideren bokazioa pertsona kolektibo hauei bizi baldintzak hobetzeko aukerak sortzen laguntzea da eta elkarlanak, emaitzak ematen ditu luzaroan.  Baliotsuena lan-eredu sendoa eraikitzea da, etorkizuneko belaunaldiek aberastasuna sortzen jarraitu ahal izateko.

 

Aldaketarekin bat egin nahi duzu?

Zure ekarpenari esker, mundua aldatu egingo da. Hobetu egingo da, eta nabarmen, gainera. Potentzial handia duten pertsonei lagunduko diezu, bultzada bat behar baitute orainaldi eta etorkizun oparoagoa izateko.

10 € 20 € 30 € 50 € Beste bat

Harpidetu gure newsletterrera

Gure proiektuen berri izan nahi baduzu, jaso zure helbide elektronikoan Mundukideren azken albisteak.