Eduki nagusira joan

Ongi etorri.

Mesedez, hautatu zure hizkuntza eta hasi nabigatzen.

Lan asko eta etekin gutxi, munduko langile askoren egunerokoa – artikulua –

2025 ekaina 30

Bizi-itxaropena, heziketa, elikadura, etxebizitza eta beste oinarrizko aldagaiei begiratuta, munduan mila milioi pertsona pasa behar gorrian bizi direla ikus daiteke. Eta badirela beste ia bi mila milioi inguru, behar gorrian egon gabe ere, estutasunean bizi direnak.

Baina, hemen azpimarratu nahi duguna, beste kontu bat da: pertsona horiek, gehien gehienak, lan egiten dutela. Gehienak gu baina gazteago hasten dira lanean eta erretirorako aukerarik gabe, amaiera arte jarraitzen dute lanean. Lan ordu gehiago eta orohar, lan gogorragoak egiten dituzte. Baina hala ere, nekez lortzen dute bizi irauteko nahikoa baliabide.

Horrexegatik munduko txirotasuna. Ez batzuek alferkerian ari direlako. Egiten duten lanetik ganorazko etekina lortu ezinik ari direlako baizik.

Gehienak nekazaritzan ari dira, baina badira kalean janaria saldu, bizikletaz taxi lanak egin, besteen etxeak garbitzen eta bestelako lanetan dabiltzanak ere. Edozein lanbidetan dela ere, gehienek tresna gutxi dute, lanerako trebakuntza formalik ez dute izan, ia batere kapitalik gabe aritzen dira, bakarrik edo talde oso txikitan egiten dute lan…

Pertsona bat nekazaritzan aizkora eta aitzurra beste tresnarik gabe badabil; ez traktore, ez mando; ureztapenik gabe, euriaren menpe; ongarririk gabe; auzoko merkatuan bakarrik sal badezake… baldintza horietan, harritzekoa ote, lan asko eginda ere etekin eskasa izatea?

Gizarteak aurrera egiteko ezinbestekoa da langileek beren lanetik etekin duina lortzea. Horri gurean ematen diogun garrantzia ikusteko ez dago TU-Lankide irakurri besterik! Gurean etengabe ari gara merkatu berri bila, teknologia berriak asmatzen, makina eta tresna berriak erosi, geure buruak trebatu edo eta antolaketa era berriak ezartzen.

Gure herriaren garapenerako langileek euren lanetik ahalik eta probetxu handiena ateratzea funtsezkoa izan zen moduan; beste herrien garapenerako ere langileak beren lanaren jabe izan eta modu eraginkorrean lan egin ahal izatea erabakigarria zela ohartuta sortu genuen Mundukide.

Izan ere, gizarte oso bat ia kapital, teknologia, trebakuntza edo antolaketa eraginkorrik gabe ari denean; kanpo laguntza pixka bat, gauzak mugitzen asteko oso lagungarri izan daiteke.

Adibidez Brasilen, milioika pertsonak ez lanik, ez lantzeko lurrik ez zutela ikusita, duela 40 urte Movimento dos Trabalhadores Sem Terra (MST) izenekoa sortu zuten eta orduz geroztik, ehundaka milaka pertsonentzako lurrak eskuratu dituzte. Eta azken urteetan, MSTk eta Mundukidek elkarlanean, beste askoren artean, haien produktuentzako merkatu berriak bilatu, kooperatiben kontabilitate prozesuak hobeagotu edo eta aurreratuago daudenetan ERP sistemak instalatu ditugu.

Mozambiken berriz, biztanleriaren %70a nekazariak dira eta horren baliabide gutxirekin egiten dute lan, non lortzen duten uzta urriak, ez baitu bataz beste 300 eurotako balioa ere. Eta horrekin bizi behar lauzpabost kidetako familiak urte osoan. Testuinguru horretan, nekazariak eta Mundukidek, elkarlanean, merkatuak zer eskatzen duen aztertu eta labore berriak sustatu dira. Nekazari elkarteekin batera trebakuntza sistema oso bat sortu da. Tresna eta haziak merkeago erosi edo uzta prezio hobean saltzeko auzo taldeak antolatu dira… eta guzti horri eskerrak, urte hauetan programan parte hartu duten 30.000 pasa familiek, teknika berriak erabiliz eta merkatu berrietara produktu berriak salduz, orain, lehen baino sei milioi euro gehiago irabazten dituzte urtean.

Gure programa guztien helburua langileek euren lanetik probetxuzko etekina lortzeko aukera berriak sortzea da. Langileak euren lanaren etekinaren jabe izan daitezela, inoren menpeko izan gabe. Programa amaitutakoan ere, lanarekin jarrai dezaten eta lortutako etekinak euren bizimodua eta gizartea hobetzeko nahikoak izan daitezela.

Herrien garapen eta ongizaterako langileek eta lanak duten garrantziak ez du behar bezalako arreta jasotzen. Gutxi dira lanaren arloan espezializatuta dauden Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak, eta ziurrenik, ez da kasualitatea horrelako GGKE bat gure artean sortu izana.

Aldarrikatu dezagun ozen, munduko langile guztiek dugula gure lanetik duin bizitzeko eskubidea. Susta dezagun langile arteko elkartasuna. Jar ditzagun guk baina behar handiagoa dutenen eskura gure esperientzia eta baliabideak. Orain arte aukera gutxi izan dutenentzako sor ditzagun aukera berriak. Haiek ere euren lanaren bidez bizi eta gizarte hobeak eraiki ahal ditzaten.

 

Aldaketarekin bat egin nahi duzu?

Zure ekarpenari esker, mundua aldatu egingo da. Hobetu egingo da, eta nabarmen, gainera. Potentzial handia duten pertsonei lagunduko diezu, bultzada bat behar baitute orainaldi eta etorkizun oparoagoa izateko.

10 € 20 € 30 € 50 € Beste bat

Harpidetu gure newsletterrera

Gure proiektuen berri izan nahi baduzu, jaso zure helbide elektronikoan Mundukideren azken albisteak.

  • Hidden