Eduki nagusira joan

Ongi etorri.

Mesedez, hautatu zure hizkuntza eta hasi nabigatzen.

Brasilera egindako hiru asteko bidaiaren testigantzak

2026 martxoa 2

MSTk urtarrilaren 19tik 23ra Salvador de Bahian ospatutako 14. Topaketa Nazionalera gonbidatu gintuen eta, bost egunez munduko mugimendu sozial handi eta indartsuenetako partaideen artean murgilduta egon ondoren, hiru astetan zehar Ceará estatutik herrialdearen hegoalderaino eraman gintuen ibilbideari ekin genion. Bidean ikusi ahal izan dugu nekazal kooperatiben bilakaera eta Mundukideren lankidetzak azken urteetan izan duen eragina.

Cearán hasi genuen ibilbidea, Zé Maria de Tomé kanpalekuan. Hamarkada bat baino gehiagoko erresistentziaren ondoren, lurren legeztatzea lortu dute berriki. Urte luzez plastiko azpian, urik eta argindarrik gabe bizi izan diren familiek gaur egun 70 fruta mota baino gehiago ekoizten dituzte, eta beren kooperatiba propioa sortzea dute helburu, bitartekarien menpekotasuna gainditzeko. Nova Canaá asentamenduan eta Coopersc kooperatiban, antolakuntza kolektiboak familien ekonomian eragin duen eraldaketa sakona ikusi dugu: produktibitatearen igoera, diru-sarreren hobekuntza eta emakumeen presentzia sendotua oinarri sozialean. “Lehen batzuk ginen, eta orain beste batzuk gara”, zioen bazkideetako batek.

Berrikuntza agroekologikoaren aldeko apustua nabarmen agertu zen Ana Primavesi eskola teknikoan eta MSTk sortutako lehen unibertsitatean, Josué de Castro Fakultatean.

Bi ekimenek prestakuntza teknikoa, ikerketa aplikatua eta bizitza komunitarioa uztartzen dituzte, ekoizpena, ezagutza eta antolakuntza politikoa lotuz.  Agroekologia, biointsumoak eta ongarri naturalen ikerketa estrategia zabal baten parte dira, ekoizpen burujabetza eta ingurumen koherentzia lortzea helburu dutelarik.

Hegoaldean, Porto Alegre inguruan, Terra Livre Agroecologia eta COOTAP zein COOPAN bezalako kooperatibak bisitatu genituen, eskala handiko arroz ekologikoaren ekoizpenean erreferente direnak. Hazkundea nabarmena izan da: egitura ahuletatik hamarnaka milioi erreal fakturatzen dituzten erakunde sendoetara igaro dira, plangintza, kudeaketa eta merkaturatze sistema gero eta profesionalagoekin. Kasu guztietan, Mundukideren laguntza —kudeaketa ekonomikoan, plangintzan eta antolakuntza sendotzean— funtsezkotzat jo zuten beren sendotze prozesuan.

Kooperatiben dimentsio industrial eta logistikoa ere agerian geratu zen Coopercontestado eta Paranáko Nekazaritza Erreformako Kooperatiben Zentralaren (CCA) esperientzietan. Ekoizpena, biltegiratzea eta banaketa integratzeak eraginkortasuna eta errentagarritasuna handitzen ditu. Etorkizunerako erronken artean, plangintza estrategikoa sakontzea eta belaunaldi berrien inplikazioa nabarmendu zituzten.

Finantza arloa ere estrategikoa da. 2020an sortutako FINAPOPek —MSTren ekoizpen sektorearen finantza tresnak— hazkunde ikusgarria izan du, dozenaka kooperatiba eta milaka familia finantzatuz. Orain, erronka nagusia eredua eskalatzea eta nazioartekotzea da, hazkundea sostengatzeko kapital beharrizan handiak dituen testuinguruan.

Dimentsio ekonomikotik harago, bidaiak mugimenduaren giza eta komunitate dimentsioa indar handiz erakutsi zigun. Leonel Brizola kanpalekuan, 150 familiak baldintza oso gogorretan jarraitzen dute, lurren legeztatzea noiz iritsiko zain. Vila Jardim auzoko Cozinha Solidária ekimenean, boluntarioek astero ehunka lagunentzako afariak prestatzen dituzte, elkartasun antolatuak duintasuna sostengatzeko duen indarra erakutsiz.

Florestan Fernandes Eskola Nazionalak gogorarazi zigun MST ez dela soilik ekoizpena: prestakuntza politikoa, mistika eta zentzu kolektiboaren eraikuntza ere badira bere oinarriak. “Mistika unea da sinesten jarraitzeko indarra ematen diguna”, azaldu ziguten, dimentsio sinbolikoa eta komunitarioa ekonomikoa bezain garrantzitsua dela azpimarratuz.

Bidaia amaitzean ondorio argi bat geratzen da: hogei urte baino gehiagoko harremanaren ondoren, Mundukide aliatu estrategikotzat jotzen da MSTren kooperatibagintza sendotzeko prozesuan. Antolakuntza ahuleziaren tokian gaur plangintza dago; menpekotasunaren tokian egitura propioak; biziraupen hutsaren tokian etorkizuneko proiektu sendoak.

MST nekazal mugimenduak  irudi indartsu bat uzten digu: kolektiboki antolatuta, komunitateek lurra, ekonomia eta itxaropena eraldatzeko gaitasuna dute.

Itsaso Erretolatza Arantzabal

Egunean eguneko errelatua

BRASILGO MUNDUKIDEAK -1-

Bidaia Brasil iparraldean dagoen Ceará estatuan hasi berri dugu. Klima bero eta euri gutxiko estatua da hau, eta heldu ahala konturatu gara horretaz. Lehen egunetan zehar Mundukideko kooperante den Márcio Carvalho eta MSTko Cearako zuzendaritzako Antonio José izango ditugu gida bezala.

Ceará barnealdera Joan gara, sertão aldera, eta bertan Zé Maria de Tomé akanpamenduan ongietorria eman digute. Bertokoek azaldu digute lur horiek orain dela 12 urte okupatu zituztela, orduan lur horien jabe zen enpresak ez baizituen ezertarako erabiltzen, eta beraiek lurrak garbitu eta gutxinaka 70 tik gora fruta motako ekoizpena antolatu dute urte hauetan.
Kontatu digute urte gogorrak izan direla, erasoak jaso dituztela, bidean pertsonak galdu dituztela baina guzti horrek pena merezi duela. Kontatu digute lehen urteetan plastiko beltzez eginiko txaboletan bizi zirela, ez urik ezta argindarrik gabe, askoren seme-alabak berton jaio direla eta askok bertan ezagutu dituztela beraien bikoteak. 2025eko abenduan azkenik gobernuak beraien egoera legeztatu zuen azkenean, beldurrak esperantzari eman dio pausu. Ilusioz hitz egiten dute etxeak eraikitzeari buruz, kooperatiba sortzeari buruz eta etorkizun amets berri bati buruz.
Haien erronka produkzio kooperatiba sortzea da, bitartekariei ez saldu behar izateko.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -2-

Berrikuntzari buruz hitz egiten dugunean beti datorzkigu burura IA, errobotak edota auto elektrikoak, gutxitan batuko ditugu berrikuntza eta nekazaritza esaldi berean. Ba hori bera egiten dute Cearako “Area de Produção Agroecologica Ana Primavesi” eskola teknikoan.
Bertan egon gara gaur, eta nekazal ekoizpen ekologikorako teknikak aztertzen dituztela kontatu digute. Bernardo Marin asentamenduko komunitateak utzitako 10 hektareatako sail bat erabiltzen dute laborategi bezala.
Berton gaur egun Mangoa, Banana, Maspila eta animalien bazka bezala erabiliko den kaktus Mota baten ekoizpen teknika berriak ari dira ikertzen, ondoren MSTko nekazari guztien esku uzteko, beraien ametsa ekoizpen guztiz ekologiko bat lortzea baita.
Goxo hartu gaituzte, berton ekoitzitako frutekin egindako zukuekin, baina bisita ez zaigu doainik atera, Itsaso lanean jarri baitdute!!

 BRASILGO MUNDUKIDEAK -3-

Coopersc Kooperatiba mixtoa bisitatu dugu Cearán. Hauek esnekiak ekoizten dituzte, jasotzen dituzten 36 komunitateetako 236 bazkideen (%45 emakumeak) produkzioetatik zeinak hortuariak edo arraultzak. Esnearekin gazta, krema eta gatzaria sortu eta salmentaz arduratzen dira. Gobernuaren jangeletarako gehiena eta besteak merkatu txikietarako.
16 langile bazkide daude eta parte hartze maila berbera daukate bazkide guztien artean.
Haien hornitzaile ta bazkideen artean Nova Canaá asentamendua dago. 90 familiek osatzen duten eta 5.900 Hektarea lursaila komunitatean erabiltzen da, soila denez, banaketa eginez ez bait litzake nahikoa produktiboa izango. Ganadua daukate erdiek eta Caoperasc kooperatibari saltzen diete gehienak esnea. Lehenago Latizinioei saltzen zieten prezio barregarriena. Gaur prezioak aldatu dira eta produkzioa ere asko gehitu. Batazbeste 200real familiako jasotzerik gaur 5.000erreal jasotzen duten hilean. Eta 6 litro/eguneko/animaliak 15 litroko bataz bestera hobetu dute 6 urtetan.
2002an plastikopean kanpatu eta hurrengo egunean 10 familiako taldetan antolatuta lurra lantzen hasi zirenean analfabetoak zirela azaldu digute. Gaur Landako eskola teknikoa eraiki die gobernuak, eta MSTk produkzioaren metodologia legez bermatzeko lanean dihardu.
Famili nekazaritzak Brasilgo %30 produzitzen du, baina Brasildarraren %70ak jaten du hauetatik.
Mundukiden lana eskertu digute, hauek ikasi bait duten Kooperatiben gestioaz JLuis, Itziar, Etor, Xabier, Ikerrekin zein Marciorekin orain.
“Lehen batzuk ginen eta orain beste batzuk gara” Lucimerio

BRASILGO MUNDUKIDEAK -4

Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimenduak (MST) urrats historikoa eman du 2026ko urtearen hasieran, bere lehen unibertsitate propioa martxan jarriz: Josué de Castro Fakultatea. Unibertsitate berriak kooperatiben administrazio teknikoko prestakuntza eta goi mailako kooperatiben kudeaketako ikastaroak eskaintzen ditu, mugimenduaren beharretatik eta mugimenduarentzat sortutako ikuspegiarekin.

Hasierako ikastaroetan MSTko lidergo helduak izan ziren ikasle nagusiak; gaur egun, ordea, mugimenduko gazteak dira bertan ikasten ari direnak. Prestakuntza eredua ez da ikasgelara mugatzen: ikasleak fakultatean bertan bizi dira eta eguneroko funtzionamendurako beharrezkoak diren lanak kolektiboki antolatzen dituzte. Goizero lanak banatzen dituzte —ontziak garbitzea, arropak garbitzea, dendaren kudeaketa edo ezinbesteko goizeko mistika—, ikaskuntza akademikoa komunitate praktikarekin uztartuz. Ikasturtean zehar, fakultatean egindako egonaldiak beren kooperatiba eta komunitateetan gauzatzen dituzten praktikaldiekin txandakatzen dituzte.

Campusetik oso gertu dago Ana Primavesi Ekoizpen Unitatea, bioinsumoen fabrika bat, MSTren apustu agroekologikoa indartzen duena. Konposta ekoiztuz eta mikroorganismoekin lan eginez, inguruko komunitateetako ekoizleek behar dituzten ongarri organikoak sortzen dituzte. Ongarri horiek lurretan banatzen dituzte, droneen bidez ere bai, ekoizpena produktu kimikorik erabili gabe garatzeko aukera emanez. Unibertsitateak, gainera, proiektu bat du martxan: mikrolaborategi bat sortzea eta ongarri natural eraginkorrenak garatzeko mikroorganismoen ikerketa-lerro bat abiatzea.

Eguna amaitzeko adreilu fabrika bat bisitatu dugu. Bertan, tokiko lurrekin adreilu ekologikoak nola ekoitzi aztertzen ari dira. Adreiluak egiteko makinak dagoeneko diseinatuta dituzte, eta orain nahasketa egokiena fintzen ari dira. Helburua argia da: asentamenduetako etxeak adreilu horiekin eraikitzea eta, aldi berean, horrelako hamar makina brigada batekin batera Palestinara bidaltzea, Gazaren berreraikuntzan erabiltzeko.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -5-

Capela asentamentuan dago Coopan kooperatiba. Lehenetarikoa.
Indianek kontatu digu bera akanpamendu garaian jaiotakoa dela eta gaur administrazioan lanean diharduen bazkidea.
Bertako 29 familietako 82 bazkidek (30E+52G) lantzen dituzte arroz landa komunitarioak eta abere hiltegian haztegietako ganadu eta zerrien manipulazioan balioa gehitu ere. Urteko 4000-4500 ganadu buru akabatzen dituzte okelatarako. Biltegiaren gaitasuna eguneko 300zerri +50behi entzako eta hestebeteak egiteko diseinatu zuten.
Arroz 287 Hektareako azaleran 50kg-ko 26.000 zaku jaso dituzte 2025eko uztan. Coopan eta mugimenduaren “Terra livre” markapean komertzializatzen dituzte.
Landa eremuko denda da salmenta asko egiteko bitartekoa duten arren, salmentak bermatuta dituzte gobernuaren lantokietako zeinak merkaturako.
Komunitatean bizi dira, etxeak, jantoki eta ume zaintza komunitarioa daukate, denek lan egin ahal izateko.
Bazkideen % handi bat 16 urtetik gorako gazteak dirá, horrela etorkizuna bermatuz.
Urteko plangintzan finkatzen da bazkide bakoitzak jasoko duen aurrerakina, lan egingo dituen orduen arabera. Egunero 9 orduko lan jarduna egiten duten gehienek, nekazaritzan, zein hiltegian zein bulego lanetan… Azken aldian kanpoko langileen beharra dute produkzioari aurre egiteko, 20 pertsona kontratatu dituzte aurten. Ohikoenak beste akanpamenduetakoak ekartzea da, haiei diru sarrerak bermatzen laguntzen diete.
Salmentak ondo doaz eta irabaziak urte akaberan partekatzen dituzte bazkide ororen artean desberdintasunik gabe.
Asentamendu guztiek bezala, erretserba gune batek derrigorrean basoa izan behar du %20 gutxienean.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -6-

 Hegoaldean jarraitzen dugu, Porto Alegre hiriaren inguruan, hemen baitago ameriketako arroz ekologiko ekoizle handiena “Terra Livre Agroecologia”. Izen honen atzean zonaldeko hainbat kooperatiba antolatu dira arrozaren ekoizpen taldearen inguruan, beraien arroz ekoizpena antolatu eta taldean indar gehiago edukitzeko. Kooperatiba hauetan handiena COOTAP kooperatiba da. 1995ean sortu zen arren 2009. Urtean hartu zuen gaur egun duen lan modua.
Orduan 60 bazkidek komertzializatzen zituzten beraien produktuak, gaur egun berriz 800ek egiten dute. 4500 hektarea arroz ekoizten dituzte urtero bazkideok eta ondoren kooperatibak saltzen ditu. Gaur egun kooperatibak urtean 50 milio errealetik gorako salmentak dauzka, bere arroz eta barazki negozioekin, urruti geratzen dira 2009ko 80 mila errealak.
Mundukide 2017. Urtean hasi zen beraiekin lanean, eta beraien hitzetan elkarlan horri esker plangintza eta kudeaketa ekonomikoko prozesuak sortu dituzte beraien kudeaketa hobetuz eta komertzializaioe ta marketing arloetan pausu handiak eman dituzte, harro daude elkarlanean lortu dutenaz.
Kooperatibako zuzendaritzaz gain, hortuetan lanean zeuden bazkideekin hitz egiteko aukera izan dugu, denek ezagutzen zuten Mundukide egindako lanagatik, eta hemendik igarotako kooperante guztiei buruzko hitz ederrak besterik ez zeuzkaten.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -7-

Porto Alegreko kontrasteeak, aberastasuna, maila altuko auto eta pisuen kale arte batetik eraman gaituzte Alvaro Bomberok eta lucasgertzmonteiro , Vila Jardim-eko cozinhasolidaria.vilajardim Cozinha solidariora.
MSTk bere kooperazio printzipioetan oinarrituta sistematikoki ematen duen janariekin, sukaldatzen dute ezkaratz honetan.
Astean 3tan eskaintzen dituzte afariak. Gaur sextafeira da eta 350 pertsonaren hilara espero dute…babak, molea ta txerrikia sutan zutela heldu gara.
Ofiziala da 2 urte dela PAA governou programarem bitartez laguntza jasotzen zutenetik. Besterik da neska liderrak aurretik bere etxean sukaldatutakoa eskaintzen zuela. Txikitan, gurasoak birziklatzaileak izanik, gosea pasatzen zutela gogoratzen du, goizean aitak aurkitutako tetrabrickaren hondarrak izaten ohi zen gosaritarakoa.
Eta argi du, ezer ez dutenei ahal duen neurrian beti lagunduko diela. Orain sukalde industrial bat daukate eta luxua dela dio.
Haren lagunak kontatu digu liskar batean bere amaren etxea erorita eta amak tiro bat zuela aurkitu zela momentu latz batean.
Sukaldeko lagunkideak bere etxeko ateak ireki zizkion eraiki bitartean. Elkartasunaren emozioa barruraino sartu zaigu. Horrelakorik!
Bestea alfabetatu gabea zen eta programari esker atera du titulua. Guztiak dira bolondresak.
Eta gaur etxe berria, aitarena den alboko zoru librean eraikitzeko. adreiluak jartzen dihardute. Oraingoaren lekuan ortua egin gura duten eta ahal dela artistekin kaleko etxeak margotu eta horma landareekin atondu gura dituzte kale-kantoiak.
Hunkituta atera gara sabela baino bihotz handiagoa dutenekin.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -8-

Cootap-eko beste fabrika batean gaude gaurkoan. Jacquelinek jaso gaitu tomate eta marmelada kontserba fabrikan.
Erakutsi digu logistika, horretatik kamioietan nola heltzen diren tomate kaxak eta prozesua, etxeetan egiten duguna nola industrializatuta 163 Tona urtean saldu daitezkeen.
Aleak urez garbitu, sailkatu ostean zatikatzeko makinatik galdaretara, fundizioan legez kapazitate handiko lapikoak dira sutan 3 orduz irekingo duten tomate ekologikoa azkenik ontziratzeko.
Kristala garestia dela eta oraindik berrerabilera sistema bat ez dagoenez, aluminiozko poltsa formato berria estreinatzen ari dira.
Itxura ederra duten Terra Livre produktu ekologikoaren marka ziurtagiria dute.

Errepideko jatetxean bazkaltzeritan, kamioilari batek aipatu digu gure bidean dagoen Vacaria herrian rodeoa ospatzen ari direla.
Ze plan hoberik larunbat arratsalderako gautxoen festan parte hartzea baino. Fraka bonbatxoak, vichy alkondara, larruzko botak eta kapelarekin doaz gehienak. Zaldunak lazoarekin zein zaldi basatien gainean zenbat iraun lehiarekin gozatu dugu. Beinke “Oeste”ko ikuskizuna! BRASILGO MUNDUKIDEAK -9-

“En Baixo a Lona preta”
Leonel Brisola akanpamendua bisitatu dugu. Urte bete daramate soilik 150 familiak lur komunaletan. Hemen negua oso hotza da eta lehen bait lehen asentamendu legeztatzearen premia duten etxeak eraikitzen hasteko.
Ikusi ditugu familiak, zeinak kanpora joan behar duten lanera jatekoa erosteko. Ura baldeetan dakarte eta letrinak taldeka akanpamenduaren ertzean aparte dituzte.
Gaur igandea denez asanblea daukate eta gonbidatuak izan gara.
Mistikaren antzezlanaren ostean hizlariak Mundukide aurkeztera gonbidatu gaitu. Oso ohikoa da jende aurrean hitzegitea eta bileretan, haiek bezala gure burua aurkeztu behar izatea, nor garen eta zertan dihardugun.
Hemen oratoria ikastaroak halabeharrez jasotzen dira.
Umeek eman diote amaiera asanbleari, kantuan.
Ostean, ezin da bestela izan, almorzora gonbidatuak izan gara, kolektiboan egin duten gonbidatuekin mahai ingurua partekatzeko. Gutxi eduki eta emateko asko. Biziraupenerako lezioa, taldearen berotasunean datza.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -10-

Gaur Fraiburgo hiriko Coopercontestado kooperatibaren zuzendaritza hedatuko bileran parte hartu dugu, zuzendaritzako 6 + erregio bakoitzeko ordezkari bana. Otsaila hasiera da eta jada 2025eko itxiera datuak dituzte. Martxoan asanbleako datuok Power-BI aplikazioan aurkeztu dira. Ikusten da 9 urte lehenago Mundukideren elkarrekintza hasi zenetik, krisitik aterata egungo solbentziara egin dute ibilbidea ez dela makala. Mundukidek gestiogintza, plangintza eta hainbat “-tza”tan bidean argiak piztu dizkie.
Eskertza jaso du Mundukidek eta batipat bertan egon diren kooperantei.
Bertako fabrika bisitatzera joan, babak sikatu, harriak kendu, garbitze makinak eta poltsaratze sistema erakutsi digute. Aldiro, makinok 200kg babentzako siloak dituzte. Guztira 2.000 x60 kg=120Tona zaku ekartzen dituzte beraien produktoreetatik.
“Zafra” uztak 3 hilabete irauten du normalean 90 egun nahiz luzatu daitekeen.
Biltegiratu egiten duten 14-15% hezetasunetik behera dauzkatenak. Honela produktibitatea urte osora hedatzen da stockari ezker.
Industria propiorik ez duten beste kooperatiba baztuekin bazkidetza akordioak dituzte haientzat ere lan egiteko.
Eta esneak, zein sagar zukuen produkzioa duten arren azpikontratatu egiten dute enbalaia prozesua gero beraiek saltzeko.
11 pertsonak egiten du lan berton eta
320 bazkide produktore dira 280km-ko erradioan.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -11-

Curitiba hirian, Paraná estatuaren hiriburuan Central de Cooperativas de Reforma Agraria eta Distribuzio zentroa daude.
Denda izateko sortu zena biltegi bilakatu da. Konturatu ziren kooperatiba guztietako produktuen logistika markoan egin eta zentralizatzea zela errentagarritasunerako bide bat.
Guztizko kapazitatea 60Tn paletentzako estanteriak (babak, arroz, zukuak…) eta hozkailuek 23m2 (esnea, jogurtak…) espazioa daukate. Handitzeko aukera ere aztertzen ari dira.
Beraienak diren 3 kamioiek egiten dute inguruko kooperatibetan produktuak jaso eta bertan biltegiratu eta banaketa multzotan egin. 400km arteko distantziak egiten dituzte, baita azpikontratatutako kamioiekin.
3 kamioilarirekin guztira 6 langile dira, erosketak, ordainketak eta sistemen eguneraketa pertsona ezberdinen artean egiten dira. Batzuetan langile 2 gehiagoren malgutasuna izaten dute.
CCA kooperatiben arteko elkartea da. 25 kooperatiba eta 7000 dira bazkideak.
Hauek estatuko kooperatiba askoren korporazio moduan funtzionatzen dute, komertzializazioa landuz eta kooperatiben gestio ereduaren plangintzatuz.
Plangintza eredu berria behar dutela diote, maila eta detaile handiagokoa. Nola bideratu gestio egokia kooperatiba berrien sorreratik.
Gainetik hurrengo 2 urtetan biointsumoen kooperatiba berriaren abiaratzea beraien esku jarri diete. Gazteak eta argiak dira.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -12-

Baso tropikaletan babestuta dago Escola Nacional Florestan Fernandez. Eraikin ezberdinezosatua, denek dute funtzio soziala. 2005ean inaguratu zen 5 urtez taldeka militanteen lanari esker eraiki ondoren.
Hemen teoria politikoaren kurtsoak ematen die. MSTeko zuzendaritza eta kuadroetako liderrek jasotzen dituzte haien formakuntzak eta eztabaidak egin ostean haien estatuetara berriz hedatzeko.
ALBAko (Alianza Bolivariana para los pueblos de America ) koordinazio politikoko buruen bilera hasiko da gaur eta dena prestatzen dabiltza.
200 pertsonentzako logelak, plenarioak egiteko gela ezberdinak…guztira 500 pertsonentzako kapazitatea eta sukaldea bermatu dezakete. MSTren antolaketa guztietan bezala taldetan antolatzen dira kurtsoan zehar beharrezko diren lanak egiteko,”El trabajo es una dimension pedagogica.” Azaltzen digu Cassiak.
Eguneroko mistikari buruz galdetzean horrela erantzuten digu:”El momento de la mística es una representación que nos hace seguir creyendo, es la que nos mantiene, es el momento en que retomamos la energía.”

Escola Nacional Florestan Fernandesen, prestakuntza politikoa, bizitza kolektiboa eta konbikzio ideologikoa proiektu bakar baten zutabe gisa elkartzen dira.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -13-

Finapop-n, “Financiamento Popular para Produçao de alimentos saudabes”,
Jiane, Cristina ta Luisek hartu gaituzte, MSTko enkontroan hainbestetan egon ginenek.
Mugimenduan ikusi ditugun maila goreneko profesionalak dira. Finantza finkoak lortzeko sortu zen, Crehnor, kreditu kooperatiba sosik gabe gelditu zen garaian. Errekurtsoen kaptaziorako plataforma bat da produkzio sektorearen zuzendaritzapean, sektoreak dituen finantziazio, ekoizpen,agroekologia, formakuntza eta komertzializazioa alorren artean lehenean kokatzen da.
Taldeak asistentzia teknikoa, inbertsio plataforma eta sekurizazio funtsak eskaintzen ditu.
2020an sortu eta haren bilakaera bikaina izan du, 1,7milioi ereal lortzetik iaz 94,8milioi erreal finantziatu dituzte. 2024ean Mundukiderekin partzuergoa hasi zen, kooperatiben solbentzia eta antolakuntzan laguntzeko.
Gaur egun 500miloi errealeko premia daukate. Hargatik, Brasildik kanpo irtetzeko estrategia duten mahai gainean, EEBBko finantziabideak irekita, Mexiko zein Europarako bideak landu gura lituzkete.
Batazbeste %7,5ko interes tasa ordaindu diete errekurtso berriei. Nahiz kooperatiba berrien eta inbertitzen duten kasuan %15 arte igo daitekeen.
7 pertsona daude lanean, 6 Sao Paulon ta 1 Sergipen.
Azken datuen arabera, 71 kooperatibetan 157 finantziazio lerro, 25.000 familientzako la 95miloi ereal banatu dituzte.
Gure lankide bolondresek arrisku adierazleak finkatzen lagundu diete. Nola kontzeptu berriak barneratu.
Azkenik eskuartean daukagun proiektua definitzen jardun dugu.
ECI “Escritorio comercializaçao Institucional” eta Armazenes do campo-ko zuzendaritzekin ere egon gara, urteetan jardun du Mundukidek komertzializazioa bidea sendoak batera bideratzen beraiekin. Eta hartan jarraitu gura dugu behar gaituzten bitartean, behintzat.

BRASILGO MUNDUKIDEAK -14-

Maricá, utopiaren hiria.
Rio de Janeirotik oso hurbil dagoen hiria beldur zen hiri fantasma batean bilakatzeaz, bizitzarik gabekoa.
Hargatik, eta petroleo royaltiei esker, egungo alkateak ekonomia soziala sustatzea du helburu. Berak eta bere lagun Adaltonek soziologia ikasketak ezer ez zutela egin zutenetik, jatera monjetara eta autobusean tranpak eginez joaten ziren Rioko unibertsitatera. Hura ez dakien gaurkoei gertatu, ekosistema berezia lantzen dihardute, bertakoak alfabetatzetik hasi, dohako garraio publikoa, herri dirutan kredituak, ikasketa bekak, unibertsitate pasaportea, eta ikasketak amaitzerakoan lana izatea bermatzeko, kooperatibak sortzeraino.
Munbuka Herri bankua, kooperatiba etxea, ekonomia sozialeko idazkaritza sendoa medio… ekintzailetzak inkubatu eta sortzeko bidean jarri da, garapen soziala izango dutenak helburu beti.
MSTk beira enpresa martxan jarri nahi du, birziklatzaileengandik %70 bildutakoa probestuko duena.
Eta paraleloan, erreformaren ildotik jarraiki, nekazaritza familiarrarentzako ezinbesteko lagungarri izango diren traktore fabrika ezarri nahi dute bertan. Txinatar modeloa da aukeratu dutena, txinatar muntaia ekipamenduak erosi eta hasieran pieza guztiak inportatuz abiatuko duten lehen traktorea. Brasilek legez behartzen dituen bertako produktuetan egin beharko dute jauzia 2 urteko epean.
Erronka erraldoiak dira eta eredu kooperatiboan egiteko asmo irmoa dute.
Hor gaude Mundukidetik, txikitik parte hartzen. Kooperatiba industrialen kudeaketan eredu eta prozesuak ondo itsasteko asmoz. Aurrera doan heinean, eta promesak dirulaguntza bilakatzen diren heinean, kooperatiben esperientziatik sustatzea litzateke aproposena.
Museoa ere bada hiri berezi honetan, “utopia” deitzen diote eta bertan gauzatu gura diren proiektuak dauzkate ikusgai.

 

Aldaketarekin bat egin nahi duzu?

Zure ekarpenari esker, mundua aldatu egingo da. Hobetu egingo da, eta nabarmen, gainera. Potentzial handia duten pertsonei lagunduko diezu, bultzada bat behar baitute orainaldi eta etorkizun oparoagoa izateko.

10 € 20 € 30 € 50 € Beste bat

Harpidetu gure newsletterrera

Gure proiektuen berri izan nahi baduzu, jaso zure helbide elektronikoan Mundukideren azken albisteak.

  • Hidden