Kolonbian gertatutako tragedia bat gogoratzeko ezarri zen eguna: 1992an, hamar birziklatzaile hil zituzten unibertsitate batean.
Barranquillako Unibertsitate Libreko langileek engainatu egin zituzten birziklatzaileak, eta birziklatze-materiala emateko bulegoetara sartzera gonbidatu zituzten. Barruan zeudela, makilekin eta bala-tiroekin hil zituzten, gorputzak ikertzeko eta organoak trafikatzeko. Handik bizirik atera zen gizon batek salatu zuen egoera tragikoa. Izan ere, gizonak, erasoaren ondoren, hilda zegoela sinestarazi zien, eta gero ihes egin zuen poliziari abisua emateko.
Oinarrizko birziklatzaileak hondakin solidoak bildu, hautatu, berreskuratu, eraldatu, merkaturatu eta berrerabili egiten ditu. Haren diru-sarrerak berreskuratutako materiala saldu ahala sortzen ditu. Horretarako, kaleak zeharkatzen ditu, komunitateak botatzen duen materialaren bila, edo hainbat hiritako zabortegietan biltzen ditu materialak.Birziklatzaileak duela 60 urte baino gehiago existitzen dira Kolonbian. Funtsean, emigrazioaren ondorio bat dira. Landa-eremuetan bizi duten indarkeria-egoera larriaren ondorioz, jendea hirietara mugitzen da. Baina hiri-eremuetan, lan eskasiaren aurrean, biztanle xume askok –gehienak emakumeak– zaborren eta hondakinen artean bizitzeko alternatiba duina bilatzea erabakitzen dute. Egoera kritiko eta kaltegarri horretatik abiatuta, birziklatzaile asko hasi ziren antolatzen eta, hartara, herrialdeko lehen kooperatibak eratu zituzten. Ordutik, Kolonbia osoan zabalduta dagoen mugimendua da, eta Mundukidek duela lau urtetik laguntzen duena. Bogotako Birziklatzaileen Elkarte Nazionalaren helburua da birziklatzaileen kolektiboa –emakumeak gehienak– gizartean maila baxua duena izatetik garrantzitsuena izatera pasatzea. Eta bide horretan Mundukideren laguntza izango dute.
Josu Urrutia Beristain – Mundukideko zuzendaria
GOIENAn argitaratutako eritzi artikulua