Eduki nagusira joan

Ongi etorri.

Mesedez, hautatu zure hizkuntza eta hasi nabigatzen.

“Uste genuena baino gauza gehiago ditugu amankomunean”

2021 azaroa 17

Mundukidek gonbidatuta Gehikoop proiektuaren barruan, MSTko Brasilgo 4 kooperatibetako 8 lagunek MONDRAGONeko 4 kooperatiba bisitatu dituzte eta esperientziak eta ikaskuntzak partekatu dituzte.

Azken 10 egunetan Brasilgo MSTko 8 pertsona izan ditugu gure artean. Bidaia hau Mundukidek azken bi urteetan bultzatutako GEHIKOOP proiektuaren barruan kokatzen da. Mundukideko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren arduradun Amaia Aseginolazak uste du gaur egun munduak dituen erronka asko globalak direla, eta leku bakoitzean ematen diren erantzunak ezagutzeak eta konektatzeak bi aldeei mesede egin diezaiekeela. Horrela, bi urtez lankidetzan aritu dira gure inguruko lau kooperatibarekin, EDERLAN, MAIER, COPRECI eta ARIZMENDI IKASTOLA kooperatibekin, eta horietako bakoitzean talde eragile bat sortu zen proiektuan parte hartzeko, hainbat gai batera landuz: parte-hartzea, printzipio kooperatiboak, genero-desberdintasunak eta iraunkortasun ekologikoa. Hemen eta Brasilen izan dezaketen irakurketatik landu dira beti gai horiek. Izan ere, agian arazo batek testuinguruaren araberako elaborazio desberdina izan dezake. Bestalde, kooperatiben bikoteak sortu dira erronka teknikoetan ere lan egiteko; adibidez, merkataritza-plangintza bat egiten lagundu dute. Jakina, pandemiak eragina izan du proiektuan, eta lanaren zati bat on line egin dugu, bai hemengo talde eragileen artean, bai Brasilgo eta hemengo taldeen artean.

Egun hauetan egin duten trukearen balorazioa oso positiboa izan da, eta prozesua biziberritzeko eta aurrera begiratzeko abiapuntua ere izan da.

Cesar Bastardo EDERLANeko organo sozialen idazkari teknikoak azaldu duenez, GEHIKOOP proiektuan sartzeko EDERLANen helburua munduko beste kooperatiba batzuekin esperientziak ezagutzea eta trukatzea izan zen eta izaten jarraitzen du, eraldaketa sozialaren ikuspegia zabaldu ahal izateko. Horretarako, oso baliotsua iruditzen zaio MSTko kooperatibetako pertsonekin espazioak partekatu ahal izatea, kooperatiba gisa sistema kapitalistan jardutean ditugun zailtasun eta erronkei buruz eztabaidatzeko, baina gizartea eraldatzeko bokazioarekin. Datozen hilabeteei begira, baieztatu du lan-agenda bateratu bat ezarri dela, eta, horren barruan, alde batetik, EDERLANen kasuan, COOPERUNIAO kooperatibarekin lanean jarraitzea, identifikatu diren gaietan sakontzeko eta Brasilen kooperatiba bera ezagutzeko. Eta, bestetik, proiektuan parte hartzen dugun pertsona-taldea indartzeko barne-lana egitea, eta EDERLANeko gainerako bazkideei orain arte egindako lana eta etorkizuneko planak ezagutaraztea.

Etorkizunari begira, Cesarrek baieztatu du prozesu honen asmoa bertan parte hartzen duten eragileen kopurua handitzea dela, baina uste du orain etorkizuneko hazkundearen oinarri izango diren lehen harriak jartzen ari direla. Hala ere, egiten ari den lanari buruz gehiago jakiteko deia egiten die interesa duten beste kooperatiba edo kooperatibistei.

Daniel Manciok, ekoizpen, lankidetza eta ingurumen sektoreko ekoizpen kateen arloko MSTren koordinazio nazionaleko kideak, nabarmendu du Brasilen Mundukideko lankideekin egiten den MSTren eta Mundukideren arteko elkarlana indartu egiten dela horrelako bisitekin eta esperientzia trukeekin. Mondragoneko kooperatibistek Brasilgo kooperatibetan ematen duten laguntza teknikoa, batez ere kudeaketa arloan, oso indartuta dago MSTko kooperatiben kudeatzaileek Arrasateko kooperatiben errealitatea bertatik bertara bisitatu dezaketenean. Gainera, bidaia honetan hainbat kooperatibek partekatzen dituzten erronka komunak identifikatu ahal izan dira, hurrengo urteetan egiten jarraituko den lanaren oinarri izango direnak. Manciok esplikatu nahi izan du, MST orain 37 urte sortu zela eta giza mugimendu honen helburu nagusia, nekazal erreformaren bitartez pertsonen bizi baldintzak hobetzeko aukerak eskaintzea dela, gizartea gero eta polarizatuagoa den Brasil batean.

Indiane Witcel Rubenich, COOPAN Rio Grande do Sul-eko kooperatibako bazkideak oso positibotzat jo du COPRECIrekin izandako elkartruke-esperientzia; izan ere, bidaia hau baino hilabete batzuk lehenago, on line egindako bileren bidez prestatu da, interesatzen zitzaizkion lan-ildoak zehazteko. COOPANen kasuan, negozio-ildo berri bat irekitzen ari dira, eta interes handia dute merkataritza-estrategiak eta merkataritza-prozesuaren kudeaketa ezagutzeko, alderdi horiek landu baitituzte bereziki COPRECIrekin trukatzeko.

Gainera, bisitan zehar hainbat kooperatiba ezagutu dituzte eta MONDRAGON taldea ezagutzea oso interesgarria ikusi du Brasilgo MSTko kooperatibak antolatzeko erreferentzia gisa. Bisitaren ebaluazioa oso positiboa da eta orain on line lanean jarraituko dute datorren urtean Brasilen euskal kooperatibetako pertsonen bisita antolatzeko.

www.mundukide.org

Mundukide 1999an sortu zen, MONDRAGONeko kooperatiben babesarekin. Gure lana, Hegoaldeko herrien garapena autogestionarioa eta integrala laguntzera ezezik, gure gizartean aldaketak sustatzera ere bideratzen da.

www.fagorederlan.comwww.maier.es, www.copreci.com www.arizmendi.euswww.coopan.com.br, www.mst.org.br

Aldaketarekin bat egin nahi duzu?

Zure ekarpenari esker, mundua aldatu egingo da. Hobetu egingo da, eta nabarmen, gainera. Potentzial handia duten pertsonei lagunduko diezu, bultzada bat behar baitute orainaldi eta etorkizun oparoagoa izateko.

10 € 20 € 30 € 50 € Beste bat

Harpidetu gure newsletterrera

Gure proiektuen berri izan nahi baduzu, jaso zure helbide elektronikoan Mundukideren azken albisteak.

  • Hidden