Eduki nagusira joan

Ongi etorri.

Mesedez, hautatu zure hizkuntza eta hasi nabigatzen.

Kooperatibetatik Mundukideren lanari egiten zaion ekarpena gogoan

2024 ekaina 18

Kooperatibetan batzar orokorrak egiten direneko sasoi honetan, kooperatibetatik Mundukideren lanari egiten zaion ekarpena gogoratzea pentsatu dugu.

Duela 25 urte, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde eta Kooperatiba batzuek sortu zuten Mundukide.

Gure gizartean, diktadura garaiko gabezi eta estutasun larrienak gainditu genituela eta  kooperatibetako gure zereginetan, munduan zabaltzen ari ginela ikusten genuen. Munduko aberatsen artean geundela eta munduan barrena beste asko zailtasun larrian bizi zirenaren jakitun eare baginen. Eta hala, guri ere, gure gertueneko eremutik kanpoko erantzukizunei erantzuteko unea iritsi zitzaigula ikusi genuen.

Eta lankidetzan hastea erabaki genuen. Ikuspegi berezi bat zuen lankidetzan.

Baziren osasun, hezkuntza, giza eskubide edo eta ingurugiro kontutan zebiltzan GKEak. Baina gure balizko ‘balio erantsia’ ez zegoen hor. Gure historia eta esperientzian oinarrituta, argi zegoen lanaren mundura  bideratu behar genuela gure jarduna.

Izan ere, gizatalde orok, bizi txukun bat izateko, elikadura, etxebizitza, hezkuntza, osasuna eta beste arlo garrantzitsu asko sostengatzeko, baliabide batzuek eskuratu behar ditu. Eta baliabideak lortzeko hiru bide bakarrik daude: eskatu, harrapatu edo eta sortu.

Eskean dabilena beti menpeko. Harrapaketan ari dena beti ihesi. Epe luzerako bide bakarra, sortzea da.

Dela Mozambikeko nekazariekin, Kolonbiako birziklatzaileekin, Brasilen MSTko akanpatuekin edo Kuban ekonomian herri ekimenari tarte bat ireki nahi ziotenekin, horixe izan da beti gure ekarpena: baliabide egoki batzuek eskuratu ahal izateko lanaren antolaketa.

Mundukideren oinarrian izan den beste funtsezko ideia bat, zera izan da: Elkartasunak ezin duela izan, noizean behin, komeni zaigunean edo gogoak ematen digunean egiten dugun zerbait. Benetan aldaketa esanguratsu bat lortu nahi bada, lan jarraitua behar da. Komenientzia ez, konpromisoa.

Eta horretan aipagarria da Mundukiden parte diren guztien konpromisoa. Mundukide sortu zenez gero, ekonomiak gora-behera franko izan ditu eta kooperatibek ere izan dituzte urte oparo eta eskasak. Irabaziak eta galerak. Baina urtero, ahal zuena behintzat, elkartasun lanarekin gogoratu da. Eta bataz beste, kooperatiben ekarpenek Mundukideren aurrekontuaren %35a osatu izan dute. Epe luzeko estrategiatan lan egin ahal izateko ikaragarri lagungarria izan da hau.

Eta dirua bakarrik ez. Urte guzti hauetan Mundukiden jardun garen pertsonen heren bat ere kooperatibetatik etorri dira. Euskal Herrian, Brasilen, Mozambiken, Ekuadorren, Kolonbian, Kuban… guztietan izan dira kooperatibetan ibilitako pertsonak.

Gure jardunean, esperientzia eta abilezia desberdinetako pertsonak behar dira. Batzuek lankidetza ezagutzen dutenak, besteak herrialde desberdinetan esperientzia dutenak eta baita ere kooperatiba, ekoizpena, salmenta eta antzekoetan esperientzia dutenak ere. Eta esaten dena esaten dela, munduko jakituria gehiena interneten ez, praktikan ipintzen duten pertsonengan dago. Hala, lantaldean enpresa mundutik etorritako kideak ere izatea funtsezko da gure zereginean. Hor ere zorionak danoi.

Eta zertan eta nola erabiltzen ditugu dirua, pertsona eta esperientzia?

Kolonbian adibidez, kalean kartoi, plastiko eta antzekoak biltzen dituztenekin ari gara elkarlanean. Eta lanaren duintasunak alderdi psikosozial bat izan badu ere, alderdi material oso garrantzitsu bat ere badu. Hor hari gara gu; lana, baldintza txukunetan egin eta etekin egoki lortzeko bidea jorratzen. Elkarte baten babesean, udaletxeek ingurua garbitzen egindako lanagatik ordaintze dutena eskuratzeko antolatuaz, jasotakoari balioa erantsiz, etab.

Brasilen berriz, mugimendu sozial oso garrantzitsu batekin ari gara (MST). Lan eta etxerik gabe dagoen jendea bildu, eta haiek bizi eta lan egin ahal izateko lurrak lortzen dituzte. Auzo berriak sortu eta bizitzaren alor guztiak lantzen dituzte: hezkuntza, osasuna, eta beste hainbat. Baita  arlo produktiboan ere. Kooperatiba ugari sortu izan dituzte. Baina kooperatibak ezin dira mugimendu politiko edo sozial bat bezala kudeatu. Beste kudeaketa mota bat behar dute. Horretarako deitu gintuzten eta horretan gabiltza elkarrekin. Ekoizpena, salmentak, langileak, bazkideak, etabar antolatzen. Mugimendu sozial horren kide diren pertsonek euren bizimodua hobeagotzeko behar dituzten baliabideak sor ditzaten.

Eta Mozambiken berriz, nekazariekin ari gara. Familien urte osoko ekonomia 200-300 bat eurotakoa bakarrik deneko ikaragarrizko txirotasun batetan murgildurik. Han nekazaritza da biztanleriaren gehiengo zabal horren lanari etekin bat eman diezaiokeen sektore bakarra. Eta hala, nekazaritzan egindako lanari etekin hobea atera ahal izateko aukera bila gabiltza. Produktu eta merkatu berriak bilatu, horiek egiteko teknika berriak menperatu, eta uzta ahalik eta preziorik onenean saltzeko moduak bilatzen.

2002az gero dozenaka milaka familiak hartu dute parte. Eta iaz adibidez programak aukera berri horiek sortzen inbertitutako euro bakoitzeko, aukera horiek baliatu dituzten nekazariek, euren lanaz 3 euro irabazi zituzten.

Elkartasuna eta erantzukizuna. Erabakiak hartu, lan egin eta irabaziak gozatu edo galerei aurre egin. Indarrak batu eta antolatuta aurre egin erronkei. Teknika berriak ikasi eta erabili. Aurreztu eta ber-inbertitu. Gutxi batzuentzako ez, gehiengoarentzako, baliagarri izan daitezkeen aukerak sortu. Gizon eta Emakumeentzako. Etorkizun hobea irudikatu eta eguneroko zailtasunei era praktikoan erantzun. Berriketan baino lanean. Kontraesanen arten ahal bezala bidea eginez. Praktika, praktika eta praktika. Hori  da gure bidea.

Dirua, pertsonak, eta batez ere, geure geurea dugun egiteko modu hauengatik. Zorionak eta eskerrik asko denoi.

TU Lankiden argitaratutako artikulua

 

Aldaketarekin bat egin nahi duzu?

Zure ekarpenari esker, mundua aldatu egingo da. Hobetu egingo da, eta nabarmen, gainera. Potentzial handia duten pertsonei lagunduko diezu, bultzada bat behar baitute orainaldi eta etorkizun oparoagoa izateko.

10 € 20 € 30 € 50 € Beste bat

Harpidetu gure newsletterrera

Gure proiektuen berri izan nahi baduzu, jaso zure helbide elektronikoan Mundukideren azken albisteak.

  • Hidden