Brasilgo presidente Luiz Inácio Lula da Silvak 20 ekintzatik gorako sorta bat aurkeztu du Emakumearen Nazioarteko Egunean, soldata-desberdintasunarekin amaitzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko eta hilekoaren osasuna bermatzeko.
Agintari aurrerakoiaren Gobernuak Brasiliako Planalto Jauregian egindako ekitaldi jendetsuan iragarritako ekimen nagusia funtzio bera betetzen duten gizonen eta emakumeen arteko soldata-berdintasuna errealitate bihurtzeko lege-proiektu bat da.
Testua Kongresuak aztertu beharko du, eta enpresentzako fiskalizazio-mekanismoak eta gardentasun handiagoa aurreikusten ditu, soldata-ekitatea lortzeko. Gaur egungo legedian aurreikusita dago hori, baina ez da betetzen.
Gobernuaren estatistika bulegoaren arabera, Brasilgo emakumeek, batez beste, gizonek baino % 22 soldata gutxiago jasotzen dute lanpostu berean.
Itziar Aranburu Agirre lankidea, Brasilgo Ceará estatuko MST ko kooperatibetan ari da aholkulari lanetan. Martxoak 8ko Emakumeen nazioarteko egunaren harira, berarekin hitz egin nahi izan dugu.
Nola baloratzen duzu Euskadi eta Brasilgo gizonen eta emakumeen arteko berdintasun arrakala?
Eskuin partidu bat nazioaren gobernantzan urteak egin ostean, desberdintasunak nabariak dira. Patriarkatuaren tradizioak eta muina nahiko antzerako ikusten dut bai Euskal Herrian eta hemen, baina egia da, datuetan badagoela aldea. Brasil oso handia da eta hegoalde eta iparraldearen arteko ezberdintasuna nabarmena da, horrela dut lan esparruan behintzat. Hemen iparraldean emakumea askoz onartuagoa dago lan esparruan eta nahiz eta emakumearen paper tradizionala oso barneratuta egon pertsonengan, nire ustez iparraldean MST-ari dagokionez behintzat, emakumearen parte hartzea asko zaindu eta bermatzen da. Horrekin batera, gobernu berriaren politikak esperantza berpiztu du, soldata ezberdintasunarekin eta indarkeriarekin amaitzeko.
Ze esparrutan ikusten duzu lan gehien egiteko?
Ez nuke jakingo esaten objetiboki non dagoen behar handiena, baina sexu hezkuntzan gabezia somatzen dut. Nerabe asko gelditzen dira haurdun eta horrek zer pentsatua ematen dit.
Zein da gaurko egunerako zure agenda?
Cearáko MST-k (Movimento de Trabalhadoras sem Terra) estatu mailako 3 eguneko topaketa antolatu du gai ezberdinen inguruan hausnarketarako. Martxoaren 8an berriz, Fortaleza hiriburuan egindako ekitaldian eta manifestaldian adibidez parte hartzeko aukera izan nuen.