Urtero bezala, aurten ere Mundukide Saria izango dugu Huhezineman. Sari honek, Huhezinemara aurkeztutako film laburren artean, gaur egun munduan dugun lekuaz hausnartzera gonbidatzen gaituztenetan onena sarituko du.
Mundukide Saria Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 18. edizioaren parte izango da aurten ere. Sari-banaketa ekitaldia ostiralean izango da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Urtarrilaren 22tik 24ra, jaialdiak euskal film laburren eta zinearen magia ospatuko du, ikus-entzuleei kalitatezko lanak eta zinematografia munduan murgiltzeko aukera eskainiz.
Mundukideren lana munduan elkarrekin bizi garen pertsona guztiekiko elkartasunetik abiatzen da. Hori da behar handiagoa dutenekin elkarlanean aritzeko bulkadaren jatorria. Baina guztiontzako giza eskubideak hezur haragitze aldera, beste leku batzuetan egiten dugunaz gain, hemen egiten dugunak ere garrantzia bizia du.
Euskaldun eta europar gisa, munduko zortzi mila milioi pertsonen artean zer leku dugu guk? Aberastasuna, boterea, ekonomia, kultura, burujabetza edo eta karbono isuriak eta klima aldaketari dagokionean, zer egiten dugu? Zer ez dugu egiten? Egiten dugunak eta ez dugunak zer eragin du munduko beste biztanleengan? Nola egiten diogu mesede edo kalte guztiontzako giza eskubideak gauzatzeari?
Begirada mundu zabalera jasotzen hobekien laguntzen digun film laburrak 700€-ko saria izango du. Mundukide Saria bakarra emango da.