2020. urtea. COVID-19aren pandemiaren urtea. Garatze bidean dauden herrialde askotan etengabe bizi dutena mundu garatuko milioika pertsonak bizitzea eragin duen gaixotasuna: heriotzari beldurra.
Maite ditugun pertsonak galtzeko beldurra. Bat-batean, munduan milioika pertsonak sentitzen dutena ulertu dugu. Bagenekien “hori” gertatzen zela, baina ez dugu ulertu geure haragitan bizi izan dugun arte. Askotan gertatzen da. Gure amamek plater bat erdizka uzten genuenean esaten zuten hura: “Igartzen da ez duzuela gerra pasatu!”. Tamalez, maizegi, daukaguna ez dugu behar bezala baloratzen galtzen dugun arte: osasuna, gatazka armaturik eza, elikadura ona eta bizimodu erosoa. Hala ere, Mundukidek lan egiten duen leku askotan, pandemia beste arazo bat “baino” ez da izan. Arazo handiagoak izan direlako.
Hala, Mozambiken 600.000 desplazatu baino gehiago izan ziren indarkeria jihadistaren ondorioz. Eta Etiopian, Kenyan eta Somalian azken hamarkadetako oti izurriterik larriena pairatu zuten, milioika lagunen elikagai urriak suntsitu zituena. Eta beste hainbat arazo, albistegietan inoiz agertzen ez baina hor daudenak. Horrek guztiak eraldatzera behartu gaitu, digitalizatzera, laguntzeko modu berriak asmatzera. Aurten, gure kooperanteek errekonozimendu berezia merezi dute, gorriak eta bi ikusi arren, sekulako ausardia eta indarra erakutsi dutelako.
Eta, hala eta guztiz ere, inoiz baino elkartasun handiagoa jaso dugu gure kooperatiben, bazkideen eta lagunen aldetik. Izan ere, bizi izan dugun garai lazgarriak izan du gauza onik ere: berriz ere elkartasuna sortzen ikusi dugu, halako krisi izugarri bat dagoen aldiro gertatu ohi denez. Horregatik guztiagatik, eskerrik asko.
Oraindik lan asko dugu egiteko, bai eta muxu eta besarkada asko emateko ere. Utzi gaituztenak oroimenean, eta aurten emateko ditugun muxu eta besarkaden zati handi bat eman ahal izango dugula-eta pozik, lanean jarraituko dugu mundu hau apur bat hobea izan dadin.
Besarkada bana eta eskerrik asko.
Iñigo Albizuri Landazabal