Sarraskitik ihesi datozen pertsonekin egon nahi dugu
2021 ekaina 28
Mozambikeko iparraldean dagoen Cabo Delgadoko herritarrek bizi duten krisi humanitarioaren ondorioz, herritarron heren batek bere etxea utzi behar izan du familiarekin batera leku seguruago batera joateko, 2017. urtean ISISekiko leialtasuna adierazi zuten estatuz kanpoko talde armatuen erasoetatik babestu ahal izateko.
Talde horiek etxeak suntsitzen dituzte, torturatu egiten dute, eta bortxatu; beren familien aurrean hiltzen dituzte gizonak, eta adingabeak errekrutatzen. Desplazatuen hiru laurdenak emakumeak eta haurrak dira. Ihes egiten dutenen %90ek, 400 km baino gehiago egin ondoren, senideen etxean aurkituko dute aterpea akaso, baina gehienek hutsetik hasita saiatu behar dute bizitza berregiten.
Mundukidek 20 urte baino gehiago daramatza Cabo Delgadoko probintziaren hegoaldean lanean, eta eskualde hori da, hain zuzen ere, orain milaka desplazaturen harrera gune bihurtu dena. Leku ezkutu eta isolatu horretara iritsi ginenetik, gure lana izan da pertsonen egoera sozioekonomikoa hobetzeko aukerak eskaintzea, nekazaritzari buruzko aholkularitzaren bidez, intsumoen hornikuntzaren bidez eta herritarrei ureztatze egiturak sortzen lagunduz. Laguntza horri esker, milaka pertsonak beren ohiko uzta handitu dute, eta beren produktuak merkaturatu dituzte Pembako inguru turistikoa eta inguruko beste herri batzuk hornitzeko. Hala, herritar horietako askok bikoiztu eta are hirukoiztu egin dute urte osoan bizitzeko behar izaten dituzten 200 euroak.
Duela urtebete baino gehiagotik hona erabat aldatu da Cabo Delgadoko egoera erasoen ondorioz. Azken urtean Mundukideren lana intsumoak saltzen dituzten denda sarea sendotzea izan da, ekoizten jarraitu nahi duten nekazariek nekazal intsumoak non erosi eduki ditzaten eta nekazaritza uzteko arrazoi ez dadin izan. Hala ez badirudi ere, horixe baita herri isolatuok duten arazoetako bat. Horretaz gain, ezin dugu eskaini hasiera-hasieratik hain ezaguna izan den “nekazariz nekazari” aholkularitza dispositibo zabala; izan ere, beste probintzia batzuetan kontratatzen genituen ehundak nekazariak ezin dira Cabo Delgadora joan, bertan bizi den egoera nahasia dela eta.
Probintziako erakunde eta entitateekin dugun harreman onari esker, elkarrekin ari gara lanean iparraldetik matxinatuen erasoetatik ihesi datozen pertsonak hartzeko, haiei etxeak eraikitzen laguntzeko eta, behin bizitzen jartzen direnean, baratzeak lantzen hasten laguntzeko, pertsona horietako asko arrantzaleak baitira eta ez baitute nekazaritzan jarduteko ohiturarik.
Bestalde, mugakide dugun Niassa probintzian ere, normaltasunez lanean jarraitzen dugu, izan ere, Mundukideren estrategia Niassan jarduteko eremua zabaltzea da, Cabo Delgadoko probintzian egin ezin dugun lankidetza lana biderkatzeko.