Mozambiken landa-eremuko txirotasuna orokorra eta sakona izateaz gain, zitalki egonkorra ere bada:
Nekazariek tresna hobe faltan eta uztaren prezio txikiak direla eta ez dute ekoizpena handitzen; uztak txiki eta oso sakabanatuak izateak erosketa-logistika oso zail egiten du eta ondorioz erosleek prezio txikiak ordaintzen dituzte; dendariek ez dute tresna hoberik saltzen, oso nekazari gutxik baitute haiek erosteko gaitasuna; etab. Eragile guztiak (nekazariak, erosleak, hornitzaileak eta gobernua) kopuru, produktibitate eta errentagarritasun txikiko egoera maltzur batean harrapatuta daude.
Zer estrategia du programak egoera hori aldatzeko?
Lehenik eta behin prozesu guztian zehar ari gara nekazariekin batera: merkatuak zer eskatzen duen, lana errazteko teknikak, uztaren salmenta, etab. Eta nekazariekin bakarrik ez, uzta erosleekin, sargai saltzaileekin edo eta gobernuarekin ere lan egiten dugu.
Arlo guztietan (ekoizpena, salmentak, antolaketa…) saiatzen gara hobekuntzak lortzen, arloetakoren bat atzean geratuz gero eraldaketa prozesu guztia etengo bailuke.
Eta aldaketa guzti horiek parte hartzaile desberdinentzako onuragarriak izan behar dute hasieratik. Nekazariak bakarrik ez, merkatariek ere ez baitute emaitzarik ikusi gabe urte luzetan inbertsioei eusteko ahalmenik.
Azkenik pertsona gutxi batzuek aurrerapen handia egitea baino pertsona askok pixka bat aurrera egitea lehenesten da. Taldea txikia denean, kanpo laguntza amaitutakoan, testuinguruak berriro taldea irentsi eta atzera egiteko arriskua handia baita.
Modu horretan lortu dugu adibidez, Majuneko distrituan (8.000 familia) sesamoa ezezagun izatetik, biztanleria guztiaren ia erdia sesamo ekoizpenean aritzera, edo eta lehen urteetan produktibitatea hektareako 250 kilo izatetik gaur egun 450kg izatera pasatzera.
Eta gaur egun, funtzionarioen soldaten atzetik distritu osoko bigarren diru-sarrera izatera.