Eduki nagusira joan

Ongi etorri.

Mesedez, hautatu zure hizkuntza eta hasi nabigatzen.

Otsailak 27an, GGKEen nazioarteko eguna ospatzen da

2023 otsaila 27

Astelehenean, otsailak 27, Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) Nazioarteko Eguna izango da. Gipuzkoan ere halako ugari daude.
Bakoitzak bere helburuak eta oinarriak izan arren, Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundean biltzen dira horietako asko —ez guztiak—. Iñigo Odriozola koordinakundearen Gipuzkoako ordezkariak esan du azken urteetan eraldaketa sozial bat ere bilatzen dutela, herritarrengan eragin nahi dutela, eta haiengan zalantzak sortu.

1988an sortu zuten erakundea; 11 kide zituen hasieran, eta gaur egun 84 ditu. Horietatik 51 dira Gipuzkoakoak. Odriozolaren esanetan, elkartearen helburua da batez ere garapenerako lankidetza politikak hobetzea. Aspaldiko datu bat ekarri du gogora: 1970eko hamarkadan, Nazio Batuen Erakundeak kalkulatu zuen munduko herrialde guztien barne produktu gordinaren %0,7 emango balitz lankidetzarako, herrialdeen aberastasuna parekatu egingo litzatekeela. “Hori aldarrikatu nahi dugu koordinakundetik, oso udaletxe gutxik ematen baitute garapenerako lankidetzarako kopuru hori”.

Politiken koherentzia bat ere bilatzen du erakundeak, gizartean justizia sozial global bat lortze aldera. “Gizarte aberatsa garen heinean, ardura handia dugu, eta beharrezkoa da horretaz jabetzea”. Herritarrek lagundu badezakete ere, Odriozolak kontatu du diru laguntzak beharrezkoak izaten direla GKEek proiektuak gauzatzeko: “Erakundeek lehiaketetara aurkezten dituzte proiektuak, eta gero erabakitzen da zeini emango zaion dirua”.

Koordinakundeko kide diren GKEen lan eremu nagusia atzerria izaten da, garapenerako lankidetzan aritzen baitira. Alabaina, Odriozolak nabarmendu du Gipuzkoan ere lan handia egiten dutela hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloetan. “Erabat beharrezkoa da hori ere”.

MUNDUKIDE

MUNDUKIDE.
Tokira egokitzen den laguntza

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko kide da Mundukide,Debagoieneko garapenerako gobernuz kanpoko erakundea. Mundukide sortu baino lehenago, eskualdeko herrietan bazeuden erakunde txikiak, eta horietako kide batzuk kooperatibetan zebiltzan lanean. 1998. urtean, elkartu egin ziren, eta epe luzerako proiektuak sortzeko zer aukera zituzten pentsatzen hasi ziren. Orduan, GKEak elkartu, eta kooperatibekin batera erakunde bakarra sortu zuten: Mundukide fundazioa.

Gaur egun, hasierako elkarte txikietako ordezkariak daude erakundearen zuzendaritzan, baita kooperatibetakoak ere. Erakundeko kide den Beñat Arzadunek esan du Mundukidek duen helburu nagusia dela hainbat herrialdetako lankidetza programetan elkarlanean jardutea eta proiektu solidarioak sustatzea, pertsonekin eta tokiko erakundeekin batera lan eginez. “Lan munduaren eremuan kokatzen gara normalean; soldata eta kontratuetan, diru sarreretan eta abarretan laguntzen dugu, garapen autogestionarioa eta erabatekoa sustatzeko asmoz”.

Mozambiken eta Brasilen dituzte proiekturik zaharrenak, nahiz eta Kolonbian eta Etiopian ere hasi diren lanean. Prozesu ezberdinak izaten dituzte herrialde bakoitzean lan egiteko. Arzadunek azaldu du bakoitzean beharren arabera prestatzen dituztela proiektuak: “Mozambikeren kasuan, gu jarri ginen harremanetan haiekin, baina Brasilen, adibidez, hango erakunde bat jarri zen gurekin harremanetan”.

Leku bakoitzean proiektu nagusia sortu baino lehen, proiektu txiki batzuk prestatzen dituzte, eta probatu egiten dute, benetan zer behar den jakiteko. “Emaitza onena ematen duenetik tiraka hasten gara, eta hortik sortzen dira proiektu nagusiak”. Urte luzez aritzen dira toki horietan lanean. Arzadunek argi esan du gizarteak ez duela benetan gertatzen denaren inguruko informazio askorik. “Ezin dugu pentsatu gu europarrak izanik edozer gauza emanez lagundu dezakegula; herrialde bakoitza ezberdina da”. Brasilen eta Mozambiken lan egiten dutenez, ikusi dute bakoitzean modu ezberdinean egin behar izaten dutela lan. Mundukideko taldekideak esan du Brasil ez dela garatu gabeko herrialde bat, eta, beraz, era bateko lanketa egin behar dutela, baina horrek ez duela balio Mozambikerako.

Afrikako herrialde horretan hogei urte daramatzate lanean, eta lan eskubideen inguruan aritzen dira. Herritar gehienak etxola batean bizi diren nekazariak dira; hala, dituzten lanekin diru sarrerak hobetzen laguntzen diete. Brasilen, berriz, lurrik ez duten langileekin aritzen dira, aholkularitzan, kooperatiben inguruan lagunduta.

Planeta zaintzeko deia

Proiektuetako parte hartzaile nagusiak herrialde horietako biztanleak dira. Horiez gain, badaude hangoak diren langileak, eta baita hemendik joaten diren langileak ere, soldatapekoak beti. Boluntarioak ere badituzte, batzuetan epe motzerako joaten direnak, eta beste batzuetan, epe luzeetarako. Hala ere, Arzadunek esan du gaur egun boluntariotzaren ikuspegia desitxuratuta dagoela: “Boluntarioa beharra duenari zerbitzatzeko dago, eta GKEaren lana da pertsona horiei laguntzeko modurik onena topatzea”.

Erakundeko kideak dio GKEaren zeregina ezin dela izan “Europako aberats aspertuei” entretenimendua ematea. Aitortu du lotsa ematen duela batzuetan hori gogoratzeak, baina adibide batekin argitu du boluntarioek profesionaltasuna behar dutela: “Alzheimerraren aldeko sendabidea topatu nahi izanez gero, pertsona horrek ez du hiru asteko ikastaro bat egingo, eta ez da ikertzen hasiko zuzenean: medikuntza ikasiko du, eta gero doktoretza bat, edo diru laguntzak emango ditu; gauza bera da hau”.

Horregatik, esan du hauek direla laguntzeko eman daitezkeen bi pauso nagusiak: batetik, gutxiago kontsumituta planeta zaintzea, horrek eragina izaten baitu herrialde garatu gabeetan; bestetik, beharra dagoen horretan lanean ari direnei laguntzea, diru laguntzen bidez, adibidez.

ZABALKETA

ZABALKETA.
Udako lanetik, proiektu luzeetara

Zabalketa gobernuz kanpoko erakundea 1990ean sortu zuten, eta hura ere Euskadiko GGKEen koordinakundeko kidea da. Bi urte lehenago, Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko ikasle ohi batzuk Polonian eta Portugalen izan ziren lan esparru batzuetan laguntzen eta parte hartzen. Alfonso Martija Zabalketako zuzendaritzako kide eta GKEaren sortzaileetako batek esan du esperientzia “benetan aberasgarria” izan zela, eta, horregatik, gizarte jarduerekin jarraitzea erabaki zutela.

Hasieran, batez ere udan aritzen ziren lanean, eta Martijak kontatu du ez zituztela proiektu luzeak egiten: “Proiektu txikietatik sortu zen Zabalketa, baina konturatu ginen ez zela nahikoa asmo onez betetako lagun talde bat izatea; beraz, konpromiso iraunkorrak eta lanerako profesionaltasuna oinarri izango zituen GKE bat sortu genuen”. Bizkaian sortutako erakundea pixkanaka handituz joan zen, eta gaur egun Gipuzkoan ere badago —baita Araban ere—.

Zabalketak, hasieran, Perun sortu zituen lehen lan esparruak, eta “baliabide gutxi” bazituzten ere, hara joaten hasi ziren. “Han lanean aritu ginenean, konturatu ginen beharrezkoa zela proiektu profesionalak sortzea eta arazoa errotik konpontzea”. Horregatik, boluntarioak epe motzerako lanera bidali beharrean, profesionalekin hasi ziren lanean, eta egonkortasuna bilatu zuten.

Proiektu horiek Zabalketak zituen baliabideak gainditzen zituzten, eta, beraz, garai hartan egituratzen hasi ziren diru laguntza ofizialetara jo zuten. Garapenerako lankidetzarako proiektuen deialdiak egiten hasi ziren administrazio publikoak, proiektuak finantzatzen laguntzeko. Hainbat herrialdetako dozenaka proiektutan parte hartu du azken urteotan.

Martijak azaldu du proiektu bakoitzak lan handia duela atzean. Lehenik eta behin, gorabidean diren herrialdeetako komunitate eta erakundeei haien arazoen diagnostikoa egiten laguntzen diete. Ondoren, arazo horiek hobetzeko ekintzak diseinatzen egiten dute lan, eta aldaketa horiek egin ahal izateko finantzaketa bideak topatzen saiatzen dira. “Beti modu fidagarriren bat bilatu behar dugu lan hori guztia egiteko, eta, batzuetan jendeaz fidatzea kosta egiten bada ere, beti egoten da benetan lagundu nahi duen jendea”.

Arrakasta eta porrotak

Askotariko proiektuak sortu dituzte, eta Martijak aitortu du batzuetan ez dutela lortzen nahi dutena, ez delako erraza denaren gaineko kontrola izatea. “Behin, adibidez, oilategi komunak jarri genituen, eta ez zen ondo atera; batetik, pentsua eman behar zuenak beste gauza batzuk sartzen zituelako zakuetan, eta, bestetik, bertan lan egiten zuten batzuek arrautza batzuk eramaten zituztelako”. Hala ere, proiektu berriak sortzen jarraitzea eta jendearengan sinistea beharrezkotzat dauka Martijak.

Ondo ateratako proiektuen artean, Txileko gune lehor batean ura lortzeko egindako laino harrapatzailea aipatu du. Gune horretan ura lortzea zaila zenez, lamina batzuk jarri zituzten: egunsentiarekin lainoek ura ekartzen dute kostatik, eta lamina horien bitartez jasotzen dute. Egunean 20 eta 30 ur litro artean lortzen dituztela esan du, eta horrekin edateko ura edo abereentzako ura lortzen dutela.

Gaur egun, lau adar nagusitan banatuta dago elkartearen lana: lankidetza, hezkuntza, gizarte ekintza eta sentsibilizazioa. Gorabidean diren herrialdeetan ez ezik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat hezkuntza zentrotan ere aritzen dira. Erakundearen balioak helarazten dizkiete Lanbide Heziketa zentroetako eta unibertsitateetako ikasleei batez ere, garapen jasangarriekin “konpromisoa” izan dezaten.

Martijak azaldu du baten bat etorri izan zaiola esanez berak ezin duela asko lagundu, ez dakielako asko. Hori ez dela hala dio: “Denok lagundu dezakegu, dakigunetik eta ikasten dugunetik, eta batzuetan zera galdetu beharko genioke geure buruari: ‘nik dudanetik zertan lagundu dezaket?’. Denon artean egin behar baitira horrelako ekintzak”.

Jatorrizko artikulua: Gipuzkoako hitza

 

Aldaketarekin bat egin nahi duzu?

Zure ekarpenari esker, mundua aldatu egingo da. Hobetu egingo da, eta nabarmen, gainera. Potentzial handia duten pertsonei lagunduko diezu, bultzada bat behar baitute orainaldi eta etorkizun oparoagoa izateko.

10 € 20 € 30 € 50 € Beste bat

Harpidetu gure newsletterrera

Gure proiektuen berri izan nahi baduzu, jaso zure helbide elektronikoan Mundukideren azken albisteak.

  • Hidden