Ekainaren 9tik 13ra, Kolonbiako Hego-mendebaldeko Birziklatzaileen Elkarteko (ARSOC) hiru emakume birziklatzaile izan ditugu Euskal Herrian.
Bisitaldi honen helburua birziklapenaren eta ekonomia zirkularraren inguruko esperientzia aurreratuak ezagutzea eta tokiko eragileekin esperientziak trukatzea.
Yined Mendoza, Jenny Chachinoy eta Alexandra Uni Rosero dira ARSOC elkarteko ordezkariak. Emakume hauek beren eguneroko lanarekin lanbidearen duintasuna aldarrikatzen dute, eta birziklatzaileen lana gizartean eta ingurumenaren zaintzan funtsezko gisa aitortzea bilatzen dute. Euskal Herrira egindako bisita Mundukidek Kolonbiako hego-mendebaldean garatzen duen lankidetza-programaren barruan kokatzen da. Programa horrek antolakuntza indartzea, ekonomia solidarioa eta ingurumen-jasangarritasuna ditu ardatz.
- Jenny Marcela Chachinoy_Birziklatzailea, GIRASOLES elkarteko diruzaina eta ARSOCeko kidea
7 urte zituenetik aritu da birziklapen-lanean, ama izan zuen erreferente eta maisu. Gaur egun Pastoko Girasoles elkarteko kide da, eta bertan lidergoan eta erakundearen kudeaketan ardura hartzeko aukera izan du, gaitasun pertsonalak eta kolektiboak garatuz. - Alexandra Uni Rosero_ARSOCeko lehen ordezkari legala eta GOLEROSeko kidea
Ofizioaren defentsarako gaitasun kolektiboak indartzeko lan egiten du. 2021ean Goleros Herri Eskola sortu zuten, adineko birziklatzaileei alfabetatze-prozesuak eskaintzeko eta beren seme-alabei edo bilobei eskola-laguntza emateko helburuarekin. - Yineth Mendoza_Birziklatzailea, ASOREANCeko gerentea eta ARSOCeko idazkaria
Zortzi urte daramatza lurraldetik eta bihotzetik gremioaren borroka eraikitzen. Bere burua birziklatzaileen eskubideen defendatzaile gisa definitzen du, eta lanbidearen eraldaketarekin konprometitutako emakumea da. Bere lidergoa aiton-amonen, gurasoen eta eguneroko borrokan ari diren lankideen esperientzietan oinarritzen da, birziklatzearen duintasuna aldarrikatuz.
Euskal Herrian egon diren egunetan, ARSOCeko ordezkariek ekonomia zirkularreko erreferentziazko proiektuak ezagutu dituzte, baita lanerako gizarteratze-enpresak, kooperatibak eta birziklapen-sareak ere. Era berean, gizarte-erakundeekin, erakunde publikoekin eta hondakinen kudeaketa arduratsuan lanean ari diren hirugarren sektoreko eragileekin elkartu dira.
Kolonbiako birziklatzaileak Epele zabortegiko garbigunean bisitan
Goienako albistea
Mundukidek birziklatzaileen elkarteekin egiten du lan Kolonbiako hego-mendebaldean, bereziki Nariño, Cauca eta Valle del Cauca departamentuetan eta hortik bisitaren jatorria.
Elkarlanaren ardatz nagusiak honako hauek dira:
- Indartze politiko eta antolakuntzazkoa
Mundukidek ARSOC bezalako elkarteak babesten ditu egitura sendo eta jasangarriak sendotzeko. - Prestakuntza tekniko eta profesionala
Birziklatzaileek Kolonbiako hondakin solidoen kudeaketari buruzko araudi berrietara egokitzeko, arau eta gaitasun teknikoetan oinarritutako formakuntza eskaintzen da. - Emakume birziklatzaileen ahalduntzea
Birziklatzaileen artean emakumeek duten protagonismoa kontuan hartuta, Mundukidek haien lidergoa eta ahalduntze ekonomikoa sustatzen ditu. Horretarako, prestakuntza eta gaitasunak indartzeko programak garatzen dira, komunitateetan eta elkarteetan protagonismo aktiboa izan dezaten. - Aliantza eta sareen sustapena
Elkarteek elkarrekin lan egin dezaten, negoziazio-gaitasuna hobetu, birziklatutako materialen truke prezio hobeak lortu eta eskubideen alde kolektiboki jardun dezaten, tokiko eta eskualdeko aliantzak bultzatzen dira.
2022. urteaz geroztik, birziklatze lerroa Pastotik hedatu da, Hego-Mendebalde osoa hartuz. Mundukidek Cali eta Pastoko 6 elkarteri laguntzen die zuzenean administrazioan eta plangintzan. Pastoko Girasoles Elkartea (Nariño) indartu egin da; izan ere, funtzionamendu operatiboa eta soziala hobetzeko laguntza jaso du. Kolonbiako Hego-Mendebaldeko birziklatzaileen elkarteak (ARSOC), zerbitzua ematen duen enpresa bat den aldetik, haren garapena eta elkarte bazkideen garapena ahalbidetuko du. Bigarren mailako elkartea den ARSOCen bidez, emakume birziklatzaileen elkarteen interkooperazioak oso aurrerapen ona egin du. Gainera, nazio mailan, antolaketa indartzeko bidea urratzen hasi da Birziklatzaileen Elkarte Nazionalarekin (ANR). Elkarte hori hasierako fasean dago oraindik, eta enpresa sozialari eta horri lotutako lanari buruzko prestakuntza bat eman da.
Birziklatzaileen bizitza hobetzea birziklatzaileen eta haien erakundeen gaitasun indibidual eta kolektiboak indartuz lortzen da. Horri esker, parte hartzaile gehiago izan daitezke beren eskubideetarako sarbidean, pobrezia murrizteko eta bizi-baldintzak hobetzeko diru-sarrera handiagoak izateko. Horrez gain, herritarrak hondakinen bereizketari buruz sentsibilizatzea sustatzen da, garbiketa kuotaren sarbidea bermatu nahi da eta birziklatzaileak hondakinak kudeatzeko sistema publikoan sartzeko lanak egiten ari dira.