Erabat pozik agertu dira irailaren 10etik 29ra bitartean Ekuadorrera bidaiatuko duten gazteak.
LABORAL Kutxako bezero izateagatik ” Ekuadorren elkartruke esperientzia” programan parte hartzeko publizitatea jaso zuten 23 eta 30 urte bitarteko milaka gaztek. Bi aldiz pentsatu gabe formularioa bete eta uztailean, telefono deia jaso zuten horietako 30 gaztek elkarrizketa egiteko.
BIDAIAREN HELBURUA
Ekuadorreko bi errealitate ezberdin ezagutzea da helburua, Andeetakoa eta Amazoniakoa, aktibitate-jardueren mehatxuen aurrean beren lurraldea eta bizimodua defendatzeko alternatibak bilatzen dituzten biztanleen ikuspegitik.
Amazonian, Waorani herriaren errealitatea ikusiko da hainbat komunitatetan. Komunitate horiek bizitza-proposamen bat aurkezten dute, eta, turismoaren bidez eta beren kultura eta bizimodua partekatuz, alternatiba bat bilatzen dute beren lurraldea zur- eta petrolio-jarduerek sortutako mehatxuetatik babesteko eta kontserbatzeko.
Ekuadorren dauden 18 herri indigenetako bat da waorani herria. NBEk duela gutxi harremanetan jarri den herritzat hartzen du, duela 65 urte eskas izan baitzuten lehen harremana zibilizazioarekin. Talde batzuk oraindik kontakturik gabe daude. Napo, Pastaza eta Orellana probintzietan bizi dira. Waorani komunitate horietako hainbat eremu Kononaco ibaiaren ertzean daude, Orellana probintzian (Pastazarekin mugatuz), Yasuní Parke Nazionalean, munduko lekurik bioaniztunenetako batean. Komunitate horiek antzinako bizimodua erakutsi nahi diote munduari, ingurunea eta bizimodua zaindu nahian.
Egonaldia Ekuadorreko bi elkarterekin lankidetzan antolatu da:Amazonianata, Alejando Labaka Fundazioarekin Orellana probintzian, eta Toisan Korporazioarekin, Imbabura probintziako Intag haranean.
Andeetako Mendilerroan, Intag ibarreko biztanleen errealitatea ikusiko da. Ingurune hori da Ekuadorreko aberastasun biologikoko gunerik garrantzitsuenetako bat. Bertan, Tumbes-Chocó-Magdalena izeneko lehorreko lehentasunezko 2 ekoeskualde eta Ande Tropikalak elkartzen dira. Duela 150-200 urte inguru finkatu ziren haranean. Haran oso emankorra eta askotarikoa da, baina, gainera, kobre- eta urre-erreserba garrantzitsuak ditu. Hori dela eta, 1990az geroztik leku interesgarria da meatze-enpresentzat, ustiatu nahi baitute.
Alde horretatik, Intageko lurraldearen %70 meatzaritza metalikoko enpresei dagokie. Jarduera hori begi onez ikusi duten herritarrak badaude ere, biztanle askok meatzaritzarekiko erresistentzia agertu dute erkidegoko alternatiba produktiboen eta turistikoen bidez, ingurumenean eragiten dituen inpaktu handien ondorioz: deforestazio masiboa, desertifikazioa, ur-iturrien kutsadura…beruna, artsenikoa, kadmioa eta espezieen balizko desagerpena (meatze-enpresen ingurumen-inpaktuaren azterlanetan jasoak).
Bi esperientziek erakusten digute, ikuspegi eta errealitate desberdin batetik, natur ingurunea zaintzeak garrantzi handia duela bizitza duina lortzeko eguneroko borrokan.
MUNDUARI BEGIRATZEKO BESTE MODU BAT
Ekimena LABORAL Kutxarena bada ere, Esperientzia gauzatzeko, egitura kooperatiboko bi erakunderen arteko interkooperazio sistema aktibatu da. Hala, LABORAL Kutxak Mundukideren kolaborazioa izango du, bidaia antolatzen, koordinatzen eta bidaiarien bidelagun gisa.
MUNDUKIDEKO LANKIDETZA EKUADORREN
Mundukidek ia 25 urteko esperientzia dauka lankidetza “kooperatiboan”, bataz beste hegoaldeko herrialdeetan pertsonen gaitasunak indartzen eta haiekin batera garapen sozioekonomikoa hobetzen. Informazioa gehiago