Maiatzaren 17an, Unai Pascual eta Elisa Sanz de Murieta, Basque Center for Climate change-eko ikerlariak, Mundukideko GEHIKOOP taldearekin elkartu dira jasangarritasunak eta krisi ekologikoak gizarte eraldaketari begira dituzten erronkei buruz eztabaidatzeko.
Unai eta Elisaren aurkezpenen ondoren galdera eta eztabaidarako tartea zabaldu da, ekimenaren inguruan bildtutako taldekideen gozamenerako. Besteak beste, mahai gainean jarri diren kezken artean, klima aldaketari aurre egiteko indibidualki zein kolektiboki egin ditzakegun ekarpenen inguruan eta erakundeek duten erantzunkizunearen gainean eztabaidatu da. Bestalde, gaur egungo sisteman eskaintza baino gehiago eskaera aldatzeko beharra ipini da mahai gainean eta amaitzeko, krisi ekologikoaren ondorioz kolektibo zaurgarrienek pairatzen ari diren inpaktuari buruz eta bereziki emakumeek jasan behar dituzten bidegabekeriei buruz hitzegin da.
Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza proposamen propio bat definitu dugu Mundukiden. Helburu nagusia “mundu mailako gizarte eraldaketa kritiko baterako gure ingurutik at dauden errealitateak gerturatzea” da. Azken finean, gure inguruan eraldaketa sozialaren harira lantzen diren gaietan ikuspegia zabaltzea edo “globalizatzea” izango litzateke.
Bi lan ildo nagusi ditu proiektuak. Batetik, gizarte eraldaketan lanean dabiltzan kooperatibetako talde eragileentzat formazioa eta ekintza uztartuko ditu. Hasierako pilotuan lau kooperatiba ari dira prozesu hontan, Fagor Ederlan, Copreci, Maier eta Arizmendi Ikastola. Bestetik, hezkuntza kooperatibetako ikasle profilean solidarioa, tokiko-global begirada kritikoa eta ekintzailea duen pertsona garatzeko baliabideak sortu eta zabaltzea. Honetan Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastolarekin lanean ari gara.